Alta Velocidad Española
From Wikipedia, the free encyclopedia
Renfe AVE edo Alta Velocidad Española (AVE) (euskaraz: «Espainiar Abiadura Handia») Espainiako Sustapen Ministerioaren menpe dagoen Renfe Operadora eragilearen marka komertzial bat da, eta Espainian abiadura handiko tren zerbitzuak eskaintzen ditu. Trenek 310 km/h abiadura har dezakete,[1] eta 25 kV 50 Hzetan elektrifikaturiko eta zabalera internazionaleko (1.435 mm) trenbideetan ibiltzen dira, distantzia luzeko ibilbideak egiten dituztelarik.
Renfe AVE | |||
---|---|---|---|
Datu orokorrak | |||
Garraio mota | Abiadura handiko trena | ||
Eskualdeak | Espainia | ||
Lineak | 11 | ||
Bidaiariak | 31.000.000 (2018) | ||
Jabea | Espainiako Sustapen Ministerioa | ||
Egoitza | Pío XII etorbidea, 110; 28036 Madril | ||
Webgunea | Renfe AVE | ||
Ustiapena | |||
Hasiera | 1992ko apirilaren 21a | ||
Eragilea | Renfe Operadora | ||
Ibilgailuak | 22 S-100, 16 S-102, 30 S-112, 26 S-103 | ||
Datu teknikoak | |||
Galiboa | 1.435 mm | ||
Abiadura maximoa | 310km/h | ||
|
- Artikulu hau Espainiako abiadura handiko trenari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ave (argipena)».
1992an marka jaio zenean, Espainiako abiadura handiko burdinbide zerbitzu guztiek AVE izenez ezagutzen ziren. Gaur egun, ordea, AVE zerbitzuaz gain abiadura handiko lineetan bestelako zerbitzuak eskaintzen dira, Alvia eta Avant marka komertzialak erabiliz. Hala ere, ohikoa da Espainian abiadura handiko trenei AVE deitzea.
Abiadura handiko trenak Espainiako hiri handien artean hegazkinari lehia handia egin dio, penintsula barnean 31 milioi bidaiari garraiatu zituelarik,[2] hegazkinaren bikoitza baino gehiago. Honek negutegi efektuko gas askoren isurpena aurreztu du, eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko ekologistek hegazkinen bidaiak mugatu nahi dituzte burdinbidera igarotzeko[3]. Gainera, Renfe -k energia berriztagarriekin elikatzen ditu tren elektriko guztiak.[erreferentzia behar]
Hasieratik bertatik, trenbide eredu horrek gizarte eta ekonomia errentagarritasunik ez duela kritikatu izan dute batzuek. Ekonomia erakunde ofizialak eta erdiofizialak ere AVEren errentagarritasunik eza adierazten hasi dira 2015ean. Espainiako Bankuaren eta dozena bat konpainia handiren partaidetza duen Fedea fundazioak 2015eko martxoan argitaratutako ikerlanaren arabera, AVE linea batek ere ez du inolako errentagarritasunik, ez gizartearentzat, ez enpresentzat: kostu handiegia izan du, eta bidaiari gutxiegi ditu.[4] Espainiako Kontu Auzitegiak AVEren egungo eredua sostengagarria ez dela adierazi zuen 2015eko maiatzean.[5][6] Renferi diru sarrera gehien ekartzen dion zerbitzua abiadura handikoa da,[7] baina funtzionamendu gastuak ordaintzeko baino ez du ematen, diru sarrera horiek ez dira aski azpiegitura eraikitzen eta mantentzen egindako gastua ordaintzeko: hau da, Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariek 2021. urtean adierazi zutenez, «gizarteak ez du inoiz berreskuratuko abiadura handiko trenean inbertitutako dirua». Proiektu hori «efizientziarik gabea, injustua eta sostengaezina» dela deritzote, dakartzan gastuak, gizarte eraginak eta ingurumen eraginak aintzat hartuta.[8]