Digestio aparatuaren fisiologia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Digestio aparatuaren fisiologia digestio aparatuaren funtzionamenduaren azterketan datza. Digestio aparatua gorputza zeharkatzen duen hodia da, ahoan hasi eta uzki esfinterrean amaitzen dena. Bere funtzio nagusia hartzen diren elikagaiak gorputzak erabili ditzakeen produktuetan eraldatzea da. Nutrizio izeneko prozesuaren bidez animaliek haien zelulak, ehunek eta organoek behar dituzten substantziak eskuratzen dituzte. Prozesu horretan digestio aparatuak funtsezko zeregina burutzen du.
Animalia zelulanitzetan nutrizioa batez ere digestio-aparatuan burutzen da. Bertan, digestio edo liseriketaren ondorioz agertzen diren tamaina txikiko molekulak heste-mukosan xurgatzen dira. Hortik zirkulazio-aparatura heldu eta organismoaren ehun eta zelula guztietara iristen dira.
Nahiz eta nutrizio prozesuan digestio aparatua ezinbestekoa izan, organismoaren beste aparatu batzuek ere parte hartzen dute. Kontuan hartu behar da elikagaiak eta oxigenoa organismoaren zeluletara iritsi behar direla, bertan prozesu katabolikoen bidez energia kimikoa sor dadin. Zeregin horretan jarduten duten sistema organikoak hauek dira:
- digestio-aparatua: elikagaiak hartu, digeritu (hots, molekula bakunagoak bihurtu), xurgatu (heste-mukosetan) eta xurgatu ez dena kanporatu egiten du.
- arnas aparatua: oxigenoa hartu eta odolera pasatzen du
- zirkulazio-aparatua: oxigenoa eta xurgatutako elikagaiak garraiatzen ditu ehun eta zeluletaraino, azken hauek erabil ditzaten. Era berean, zelularen hondakinak eramaten ditu arnas aparatura (CO2) eta gernu-aparatura, kanporatuak izan daitezen.
- gernu-aparatua (iraitz-aparatua): zelularen katabolismoaren hondakinak (urea, adibidez) kanporatzen duena.
Digestio-aparatuaren fisiologian lau fase nagusi daude:
- Ingestioa: elikagaiak hartu, birrindu eta digestio-aparatuan barneratzea.
- Digestioa: irentsitako elikagaien eraldaketa prozesua da, substantzia sinpleagoetan bihurtzearena hestean xurgatuak izateko
- Xurgapena: elikagaiak digestio aparatutik zirkulazio-aparatura igarotzea, heste-mukosetan
- Egestioa: xurgatu ez diren elikagaiak kanporatzea
Digestio-aparatuaren zati bakoitzak zeregin espezifikoa du:
- Murtxikapena (edo mastekatzea) eta listu-jariatzea ahoan gertatzen dira
- Irensketa faringean
- Elikagaien digestioa urdailean eta heste meharrean
- Xurgapena heste meharrean eta heste lodiaren hasieran
- Egestioa ipurtestean