Euskal herritarrak nazien kontzentrazio esparruetan
From Wikipedia, the free encyclopedia
Hirugarren Reichak euskal herritar ugari deportatu zituen Frantziatik kontzentrazio esparruetara, 1940-1945 bitartean.
Hegoaldeko euskal herritarrei dagokienez, gehienak frankista matxinatuek eragindako gerran haien aurka borrokatu ondoren ihes egindakoak ziren. Gizonezkoak, gehienetan, Mauthausen-Guseneko esparrura eraman zituzten; emakumeak, berriz, Ravensbrück-eko kontzentrazio esparrura. Euskal deportatu haietako asko bizirik irten baziren ere, Bigarren Mundu Gerra amaituta, haien bizipen lazgarriak ez ziren ezagutuak izan euskal gizartean, ez ikertuak ere, askoz geroago arte.
Ipar Euskal Herriko herritarren kasuan, baita ere, ugari izan ziren deportatuak, juduak izateagatik edo Erresistentziarekin bat egiteagatik, gehienbat. Bigarren Mundu Gerra bukatu zenean Frantziako estatuaren aitortza eta oroimen eskubidea jaso zuten ―Hegoaldekoek ez bezala―, baina agian horrexegatik ere ez zen ikerketa lan sistematikorik egin Iparraldeko deportatuen nortasuna eta gainerako xehetasunak jakiteko.
Artikulu honetan batez ere lehenengoez, Hego Euskal Herriko herritar deportatuez, alegia, ematen dira azalpenak eta datuak; Iparraldekoez, soilik ongi dokumentatuta dauden kasuetan.