Kristo Ebolin geratu zen
From Wikipedia, the free encyclopedia
Kristo Ebolin geratu zen (italieraz, Cristo si è fermato a Eboli) Carlo Levi idazle italiarrak 1945ean argitaratu zuen eleberri bat da, euskaraz 1997an agertu zena, Koldo Bigurik itzulita. Liburuak arrakasta handia lortu zuen berehala bai Italian eta bai kanpoan ere eta idazlearen margolari karrerari berari egin zion itzala. Istorioa zinerako eta telebistarako egokitu zuten 1979an Gillo Pontecorvok eta Francesco Rosik: Gian Maria Volonté antzezleak jokatu zuen Carlo Levi idazlearen papera.
Eleberri honetan, Italiako hegoaldean, Estatuak abandonaturik bizi ziren nekazarien bizimodu latza salatu zuen. Leku abandonatu haietara Kristoren beraren hitza ere ez zelako iritsi ipini zion izenburu hori bere lanari. Carlo Levi Italiako faxismoaren garaian 1935etik hasita hiru urtez deserriratuta egon zen bazter hauetan, Lukania (edo, gaur egun, Basilicata deitzen den) eskualdean, eta esperientzia horretan oinarrituta idatzi zuen bere eleberririk ospetsuena den hau.
Liburua 1944an idatzi zuen, Italiarentzat eta autorearentzat berarentzat dramatikoa zen garaian, Levi Florentziako erresistentzia antolatzen zebilelarik, etxe batean ezkutaturik eta bakardadean, nazi eta faxistengandik babesteko.