Motor asinkrono
From Wikipedia, the free encyclopedia
Motor asinkronoa edota indukzio-motorra hiru faseko korronte aldakorreko motor mota bat da. Motor mota hau bi atal nagusiz osatzen da: errotorea eta estatorea. Errotorea atal mugikorra da, eta ardatza beroni dago lotuta. Ardatzaren bidez, atal mekanikoari beharrezko potentzia ematen zaio. Estatorea, aldiz, atal geldikorra da, eta honek mugiaraziko du errotorea. Estatorean kokatuta dauden harilduak eremu elektromagnetiko bat sortzen dute errotorearen inguruan, eta honela mugiarazten du. Indukzio-motorrak industrian oso erabiliak dira: ponpa edo haizagailu baten atala izan daiteke, edo mekanikako beste edozein atal bati lotua egon daiteke, adibidez, nahasgailu bati, garraiatze-zinta bati, etab. Motor hauen ezaugarri garrantzitsuenetarikoak honako hauek dira: merkeak dira, mantentze-lan gutxi eskatzen dutenak eta efizientzia energetiko altua dute. Motor hauen abiadura kontrolatzea oso zaila da, eta hori da horien desabantaila nabarmenetariko bat[1][2].
Hiru faseko motorra elikatze-sistema trifasiko batetara elkartzean, harilduetan 3 korronte igaroko dira, bakoitzak estatorean hiru eremu magnetiko induzituz. 3 eremu txiki hauen baturak eremu magnetiko handi birakor bat sortuko du, zeinen abiadurari sinkronismo-abiadura deituko zaion, ns. Abiadura sinkrono hau fluxu magnetikoaren biraketa-abiadura da, eta polo-pare kopuruaren eta maiztasunaren araberakoa izango da.
Hiru faseko estatoreko harilduak 3 faseko elikatze-iturri batekin elkartzean, harilduetan 3 faseko korronte bat igaroko da. Estatorearen barruko aire hutsunean fluxu birakor bat sortzen da, eta fluxu honek tentsio bat induzitzen du ardatzaren harilduetan. Induzitutako tentsioak errotoreko korronteak sortzen ditu, errotorearen zirkuitua itxia baitago.
Ardatzeko korronteek fluxuarekin elkar eragiten dute errotorearen gaineko momentua sortuz. Motorrak sinkronismo abiaduraren noranzkoan biratuko du. Faseen arteko aldaketa bati esker, biraketaren noranzkoa aldatu daiteke.