Oñatiko Unibertsitatea
eraikitako euskal ondare nabaria Oñatin / From Wikipedia, the free encyclopedia
Oñatiko Unibertsitatea, ofizialki Sancti Spiritus Unibertsitatea, gaur egun ikaslerik ez duen arren, 1545etik 1901era arte Euskal Herri osoan martxan egon zen unibertsitate libre bakarra izan zen. Rodrigo Mercado Zuazola apezpiku oñatiarraren ekimenari esker, 1542an hasi ziren hamar urte iraungo zuten eraikinaren lanak, baina 1545ean jarri zen abian jarduera akademikoa, aldamenean zegoen Hernani jauregian, bi arlotan, letrak eta zientziak.[1]
Sancti Spiritus Unibertsitatea | |
---|---|
Kultura ondasuna | |
Oñatiko Alde Zaharra | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Oñati |
Koordenatuak | 43°02′02″N 2°24′55″W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | 1542 - |
Irekiera | 1545 |
Itxiera | 1901 |
Arkitektura | |
Estiloa | pizkundetar arkitektura arkitektura gotikoa |
Ondarea | |
BIC | RI-51-0000617 |
6 | |
Zuazola Euskal Herriko lehen mezenas errenazentista izan zen, eta ondorioz Rodrigo Gil de Hontañon arkitektoari agindutako eraikina estilo errenazentistan eta platereskoan burutu zuen. Eskulturak eta artelan gehienak Pierre Picart eskultorearenak dira, eta egitura Domingo Gerra hargin-maisuarena. Nabarmentzekoak dira Unibertsitateko ataria eta kaperako erretaula.[2]
Estatuan bi motatako unibertsitateak zeuden, handiak eta ertainak, eta gehienak Koroaren finantziazioa jasotzen zuten baina ez Oñatikoak. Ertaina zen eta fundazio baten bitartez pribatua, zerbitzu publikoa ematen zuena. Zuazolak testamentuan utzitako ondasunekin, ikasleek ordaindutako matrikulekin eta Oñatiko udalaren ekarpenekin finantzatzen zen hasieran. Gerora, zailtasun ekonomikoak zituela eta, Euskal Aldundiek ere finantziaketan parte hartu zuten.[3]
Unibertsitatearen hirurehun eta berrogeita hamar urte inguruko ibilbidean bereziki Filosofiaren, Kanonen eta Legeen irakaskuntza izan zen nagusi, Zuzenbide Zibilean espezializatuz. Batezbeste 200/300 ikasle hartu zituen urtero, 1832-1833 ikasturtean bere historiako matrikula-mailarik altuena lortuz: 639 ikasle. Horien artean administrazioan edo politikagintzan, estatu mailako parlamentuan zein Euskal aldundietan nabarmendu ziren ikasle ugarik ikasi zuen bertan, hala nola Esteban Garibai koroaren kronista eta historialaria, edo Pedro Egaña parlamentari gasteiztarra.[4]
XVIII. eta XIX.mendeetan Unibertsitateak hainbat gorabehera izan zituen, gerrak eta aldaketa politikoak eraginda, eta Euskal Herriak Gerra Karlistak galdu ondoren bi itxiera jasan zituen. Berriz zalbaltzea lortu zuten Aldundiek eta Oñatiko udalak, harik eta 1901ean Madrilek Unibertsitate maila kendu arte. Ondoren ikasketa apalagoko jarduerak egon ziren eraikinean, baina erreferente izan zen Eusko Ikaskuntzako eta Euskaltzaindiako kongresua bertan egiteko 1918an, edo Mondragon Unibertsitateko MEDUO proiektua gauzatzeko Unibertsitate berria sortuz 1961-1997 aldian.[5] Gaur egun, Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundea–ren egoitza da.[6]