Txikipedia:Erdi Aroa
From Wikipedia, the free encyclopedia
Erdi Aroa Europako historian bereizten diren garai nagusietako bat da: Antzinaroaren eta Aro Modernoaren arteko garaia da. Gutxi gorabehera, K.o. V. mendearen bukaeran hasi zen, Mendebaldeko Erromatar Inperioa desagertu zenean; eta Amerikaren aurkikuntzarekin amaitu zela esaten da, XV. mendearen bukaeran. Beraz, 1.000 urte inguru iraun zuen. Haren ondoren hasi zen garai berriari Berpizkunde edo Errenazimentua deitzen zaio.
Bi garai nagusitan banatu ohi da:
- Goi Erdi Aroa: 476tik 1000. urtera arte (V. eta X. mendeak). Mendebaldeko Erromatar Inperioaren desagerpenarekin eta germaniar herrien migrazioekin hasten da, eta musulmanen hedapenaren eta bikingoen inbasioen hasierarekin amaitzen da. Erdi Aro goiztiarra ere deitu izan zaio. Garai honetan, hiru inperio handi osatu ziren: Bizantziar Inperioa, Arabiar Inperioa eta Inperio Karolingioa. Aro honetan, Europan inbasio ugari gertatu ziren, eta horrek ezegonkortasun sozial, politiko eta ekonomikoa ekarri zuen. Horren eraginez, jendeak hirietatik aldegin eta landaldeko herrietara ihes egin zuen. Feudalismoa sortu zen, eta kristaua gero eta indar handiagoa eskuratzen joan zen.
- Behe Erdi Aroa: 1000. urtetik 1496ra arte (XI - XV mendeak). Garai honetan, aurreko aroko inbasio ugariak amaitu ziren eta egonkortasun sozial, politiko eta ekonomikoa itzultzen da. Hiritartze-prozesua hasi zen, hainbat hiriren sorrerarekin. Horrek artisautzaren eta merkataritzaren indartzea ekarri zuen, Elizak botere eta garrantzi gero eta handiagoa eskuratu zuen, katedral handien eraikuntzan islatu zena, eta kristautasunaren zabalpena gertatu zen, bai eta, horren ondorioz, mundu islamiarraren eta mundu kristauaren arteko gatazkak ere, gurutzadekin. Kulturaren berpizkundea ere abiatu zen, eta lehen unibertsitateak sortu ziren Europan. Erreinu boteretsu batzuk ere hasi ziren agertzen.