Txikipedia:Industria Iraultza
From Wikipedia, the free encyclopedia
Industria-iraultza gizadiaren historiako garai edo aldi bat da. Aldi horretan, gauza asko asmatu ziren, meategi eta lantegi asko eraiki, eta horrek goitik behera aldatu zuen herrialde askotako ekonomia. Eskulangintzaren ordez —huraxe baitzen ordura arte produktuak egiteko era—, makinak agertu ziren. Aldaketa handia izan zen hori, eta horregatik deritzo iraultza.
Industria-iraultza Ingalaterran hasi zen, XVIII. mendearen hondarrean eta XIX.aren hasieran. Energia hidraulikoaren, eolikoaren eta abere-indarraren ordez —horiexek erabiltzen baitziren ordura arte—, Ingalaterran lurrun-makinak hasi ziren erabiltzen, zertarako eta lantegietako beste makinak martxan edukitzeko. Makina haiek, esate baterako, ehunak eta oihalak egiteko ehundegiak ziren. Makinei esker, ordura arte baino askoz ehun gehiago ekoitz zitekeen, eta langile gutxiago behar ziren.
Ingalaterratik, Industria-iraultza Europako beste herrialde batzuetara hedatu zen. Industrian gertaturiko aldaketek hobekuntza ekarri zuten nekazaritzara ere. Golde hobeak egiten ziren, eta, batez ere, ongarri modernoak asmatu ziren. Landareak askoz hobeto hazten dira ongarriei esker, eta ordura arte baino askoz uzta ederragoak biltzen hasi ziren. Hartara, jende gehiagorentzako elikagaia zegoen, eta merkeago. Elikadura ez ezik, medikuntza ere hobetu egin zen: jakin zen gaixotasun asko bakterioek eraginak direla, eta oso garrantzitsua dela garbitzea. Horri guztiari esker, jendeak urte gehiago hartzen zituen, eta ez ziren hiltzen hainbeste haurtxo. Ondorioz, Europako herrialdeak ordura arte baino askoz biztanle gehiago izatera iritsi ziren.
Industria-iraultzaren beste asmakari garrantzitsu bat trena eta burdinbideak izan ziren. Trenari esker, errazagoa zen salgaiak erosleak bizi ziren lekuetara eramatea. Gainera, beharginek ez zuten beren lantokitik oso gertu bizi beharrik.