Txikipedia:Magnetismo
From Wikipedia, the free encyclopedia
Magnetismoa zenbait materialek metal batzuk erakartzeko duten propietate fisikoa da. Propietate hori dute, adibidez, magnetita izeneko mineralak, modu naturalean; nikelak, burdinak eta kobaltoak ere izan dezakete propietate hori, baina modu artifizialean, haiekin imanak egiten direnean. Iman artifizial bat egiteko, esandako metal horiek iman natural batekin igurtzitzen dira edo korronte elektriko bat aplikatzen zaie.
Imanek bi alde edo bi polo dituzte: ipar poloa eta hego poloa. Bi iman gerturatzen ditugunean, gerta daiteke imanak elkar erakartzea eta elkarri itsatsita geratzea, edo elkar aldarazi edo urruntzea. Zehazki, bi imanen ipar poloak edo hego poloak gerturatu nahi baditugu, elkar urruntzen dutela ikusiko dugu; aldiz, iman baten ipar poloa eta beste imanaren hego poloa hurbiltzen ditugunean, elkar erakarri eta itsatsita geratuko direla ikusiko dugu.
- Beraz, gerturatutako poloak mota berekoak badira, imanek elkar aldarazi egiten dute, elkarrengandik urruntzen dira.
- Aldiz, gerturatutako poloak mota desberdinekoak badira, imanek elkar erakarri egiten dute.
Imanen poloen arteko erdiko marrak edo erdiko guneak magnetismo gutxi du.
Magnetismoa, hortaz, naturaren oinarrizko indar mota bat da, elektrizitatea edo grabitatea diren bezala.