Belle Époque
From Wikipedia, the free encyclopedia
Belle Époque (frantsesez /'bɛle'pɔk/ ahoskatua; Garai polita, euskaraz) 1870etik 1914ra Mendebaldean nagusitu zen oparotasun garaiari deritzo. Esamoldea Lehen Mundu Gerraren aurretik asmatu zen, XIX. mendeko azkenengo hiru hamarkadetatik gerraren hastapenetara doan aldia izendatzeko. Hasiera 1871ko Frantzia-Prusia Gerraren amaierak markatzen du, eta geroztik bakeak 1914ra arte iraun zuen; alegia, Lehen Mundu Gerra hasi zen arte.
Izendapenak Europako gizartean izandako errealitate berria eta aldakorra aurkezten du. Giza jardunaren alderdi guztietan aldaketa sakon anitz gertatu ziren, erritmo biziz: aurrerapen teknologikoa, kapitalismoaren sustapena, inperialismoaren hedapena, balore berrien onarpena, berrikuntza kulturalak eta aurrerapen eta zientziarako fede itsua nabarmendu ziren.
Oro har, Belle Époque oreka- eta egonkortasun-garaia izan zen Mendebaldean. XIX. mendeko gatazka odoltsuak behin-behinean baztertu egin ziren, eta Europan ia 45 urteko bake garaia egon zen. Intentsitate apaleko gatazka armatuak egon ziren arren –esaterako, 1904ko Errusia-Japonia Gerra eta gatazka inperialak (Boxerren matxinada)–, joera nagusia bakeari eustea izan zen. Hala ere, ez zen benetako bakealdia izan, europar potentziek euren industria militarrak abian jarri baitzituzten, gerra noiz hasiko zain. Berez, bake armatuko fase horretan, estatuek bideratutako ahaleginek Lehen Mundu Gerra eragin zuten.