Fabaren Errege-erregina
From Wikipedia, the free encyclopedia
Fabaren Errege-erregina egun batez haur bat errege edo erregina moduan koroatzeko nafar ohitura eta ospakizuna da.
Nafarroako Errege Gorteko antzinako instituzio bat izan zen. Epifaniaren egunean, ume txiro bat koroatzen zuten, eta errege-erreginek errege balitz bezala tratatzen zuten. Gorteak nahiz herriak ospatzen zuen festa honen jatorria Xanpaina Etxearen garaikoa da, Tibalt I.aren eskutik (1234-1253) Frantziako Gorteko ohitura batzuk ezarri zituelako. Nolanahi ere, agirietan Karlos II.aren erregetzan (1349-1387) ageri da aurrenekoz, eta Karlos III.aren garaian (1387-1425) lortu zuen ospe handiena.
Errege Egunean, erregea eta gortea zeuden tokian, Erriberrin, usu, ume txiro batzuk biltzen zituzten, jauregiko zerbitzarien seme-alabak gehienetan, eta opil bat ematen zieten jateko. Opilak baba bat zuen barrenean, eta hura aurkitzen zuena zorioneko bihurtzen zen; izan ere, arropa dotoreak jantzi eta arrandiaz koroatzen zuten “Fabaren errege”, Nafarroako errege-erreginen koroatzearen antzeko zeremonia batean. Oturuntza handi bat eta hainbat ospakizun egiten ziren egunean zehar, nobleekin eta errege-erreginekin, nobleen entretenigarri. Egunaren bukaeran opariak eta dirua edo garia ematen zizkioten umeari. Festa hau Erresumako hiri nagusietan ospatu izanaren testigantzak daude: Iruñean (1439), Zangozan (1413), Tafallan (1424), Lizarran (1381), Tuteran (1423), denboran zehar izen desberdinak erabiliz. Adibidez, 1381eko agiri batean "el petit Rey" izenaz aipatzen da. Ohitura herri batzuetan ere ezarri zen; Fiteron, XVI. mendean, “enperadorea” izenaz ezagutzen zen festan, ume koroatua herriko agintari gorena bihurtzen zen egun batez. Nafarroak Gaztelako Koroak konkistatu zuenetik aurrera ospatzeari utzi zitzaion, baina, ospakizun herrikoi bihurtuta, festa handia egiten zen Iruñean XVIII. mendean (su artifizialak, musika, kantuak), hainbestekoa non Errege Kontseiluaren aginduz debekatu baitzuten (1765).