Irène Némirovsky
From Wikipedia, the free encyclopedia
Irène Némirovsky (ukraineraz Ирина Леонидовна Немировская, transkribatuta: Irina Leonidovna Nemirovskaia, Kiev, Ukraina, 1903ko otsailaren 24a - Auschwitz, Polonia, 1942ko abuztuaren 19a) judutar idazle ukrainar bat izan zen, yiddish hizkuntza nagusi zen lurraldean. Heziera eta ikasketak Parisen egin zituen, eta liburu guztiak frantsesez idatzi eta argitaratu zituen. Idazle gisa arrakasta izan zuen Frantzian 1930eko hamarkadan, baina Bigarren Mundu Gerraren ostean ahaztua gelditu zen. Idazle bakarra da Frantziako Renaudot saria hil ostean jaso duena, 2004an, Suite frantsesa eleberri amaigabeagatik.
Irène Némirovsky | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Ирина Леоновна Немировская |
Jaiotza | Kiev, 1903ko otsailaren 24a |
Herrialdea | Frantzia Errusiar Inperioa |
Bizilekua | avenue Constant-Coquelin (en) |
Heriotza | Auschwitz eta Auschwitz-Birkenau, 1942ko abuztuaren 17a (39 urte) |
Hobiratze lekua | Auschwitz |
Heriotza modua | berezkoa ez den heriotza: Tifusa Gripea |
Familia | |
Seme-alabak | |
Hezkuntza | |
Heziketa | Parisko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea eta eleberrigilea |
Lantokia(k) | Paris |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Izengoitia(k) | Pierre Neyret, Denise Mérande eta Charles Blancat |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | judaismoa katolizismoa |
| |
Judutar familia ukandun batean jaio zen, baina ez zuen inoiz haren babesik izan. Frantses kulturan murgildurik jaso zuen bere heziketa guztia. Gurasoek jaioterritik ihes egin zutenean, Errusiako iraultzaren ondorioz, Parisen hartu zuten bizilekua. Bizimodu ero eta axolagabea eraman zuen han, bera bezala judu etorkina zen Michel Epstein-ekin ezkondu zen arte 1926an; bi alaba izan zituzten, Denise eta Élisabeth. Gazterik hasi zen idazten, baina lehen arrakasta 1929an ezagutu zuen, David Golder eleberriarekin; handik aitzina, etengabe idazten jarraituko zuen, alde batetik, barne grina sakon batek bultzatuta, baina beste aldetik ere diru beharragatik. Berandu ohartu zen Frantziarekiko maitasunak eta frantses literaturan irabazi zuen lekuak ez zutela deusetan babestuko Vichy-ko gobernuak juduen aurka emandako legeetatik eta alemanen okupaziotik: nazien kolaboratzaile frantses poliziak 1942ko uztailaren 13an Morvan-en atxilotu eta hilabete bat pasatxo geroago, abuztuaren 17an, hil zen Auschwitz-en (Polonia).
Alaba biek bizirik gainditu zuten arren holokaustoa, urte luzeak behar izan zituzten Irène Némirovskyren obra ostera esnarazteko. Lehenik, 1995ean, amaren eskuetatik jasotako agiri guztiak Institut mémoires de l'édition contemporaine erakundearen esku utzi zituzten; bigarrenik, Denise Epstein-ek Suite frantsesa eleberriaren transkripzioa egin zuelarik, amaren obra guztiak ezagutarazteko oinarria ipini zuen.
Irène Némirovskyren eleberri gehienetan laburrek errealismo satiriko berariazko bat uzten dute agerian. Barne begirada zorrotz eta ironiko batez baliaturik, izakien nortasuna ulertu beharra da bere lehentasuna, hiru ardatz nagusiren inguruan, behin eta berriro: lehenik, amarekiko gatazka, txikitatik harreman gaiztoa izan baitzuen harekin; bigarrenik, lehen eta bigarren mundu gerren arteko garaiaren ustelkeria, eskuin ikuspegi batez begiratua, betiere; eta hirugarrenik, judutarren merkataritza-joera gutxi-asko estereotipatua, handinahikeriak edo atabismoak eragindakoa, —eta antisemitismoak bere alde erabili zuena.
Holokaustoaren oroimenak asko baldintzatu zuen Némirovskyren obraren irakurketa 2000ko urteetan. Kritikari batzuek —bereziki Estatu Batuetan— nolabaiteko «judutartasunaren gorrotoa» ikusi nahi izan zuten haren liburuetan, eta eztabaida horrek albo batera utzi zituen haren idazkeraren beste alderdi guztiak. Alabaina, Irène Némirovskyren lanen adituen artean, orobat, adostasun bat gailentzen da: judu munduarekiko eta judutartasunarekiko harreman zoliak izan zituen Némirovskyk, haren lerroetan ustez uler daitezkeen baieztapen soilak baino harreman konplexuagoak, sotiltasunez beterikoak.
Némirovskyk harreman etengabea izan zuen Euskal Herriarekin: umetan, gurasoekin egiten zituen udako hilabeteak Biarritzen; heldutan, senarrarekin eta alabekin jarraitu zuen etortzen Hendaiara edo Urruñara, udatiar. Euskaraz poliki mintzatzen zen.