Kemijärviko geografia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Kemijärvi udalerria Finlandia iparraldeko Lappi lurraldean dago, Zirkulu Polar Artikoaren gainean hain zuzen. Herrialde osoko iparreneko hiria da, Rovaniemi hiriburua baino pixka bat goraxeago baitago. Bere bizilagunak Posio eta Salla, hego eta ekialdean, iparraldeko Sodankylä, Rovaniemi hiriburua mendebaldean eta erlazio oso estua mantentzen duen Pelkosenniemi udalerriak dira.
Guztira, ia 400 aintzira daude udalerrian, 396 hain zuzen, eta Kemijoki ibai luzearekin batera, 426,78 km²-ko ur-azalera osatzen dute; udalerriaren azalera osoaren %10a baino gehiago. Aipatzekoak dira hala nola, Enijärvi eta Kuumalampi aintzirak; hala ere, udalerriaren bihotza Kemijärvi aintzira da, bertan sortzen den Kemijoki ibaiarekin batera, emankortasunaren, arrainen eta arrantzaleen paradisua baita. Kanada herrialdean aurkitzen diren hainbat aintzira eta ibaiekin batera, mundu osoko ur kalitate onena duten aintzira eta ibaia dira, izokina bezalako ur gezatako arrainak gustora bizi baitira bertan; gainera, ur-korronte indartsu eta harroei probetxu ateraz Finlandia herrialdea energiaz hornitzen dute.
Kemijärvik 3.931,44 km²-ko azalera dauka, Rovaniemi ondoren Lappi lurraldeko hiri zabalena da eta metro gutxi batzuk baino neurtzen ez dituzten mendixkez betea dago; hala nola, eta nahiz eta 500 metrotara iristen ez den, Suomu mendixka da finlandiarren artean ospetsuena bertan aurkitzen diren eski-azpiegitura zoragarriei esker.
Klima kontinentala da nagusi prezipitazio urriekin urte osoan zehar. Udak motzak eta epelak dira, non ekain eta uztail bitarteko hiru astetan gauerdiko eguzkia bihurtzen den nagusi; negu izoztuak aldiz, luzeak izan ohi dira (zazpi hilabete gutxi gorabehera), eta lurzoru elurtuak azarotik maiatza arte irauten du. Aurora Borealak, neguko gau izoztu eta luzeetan zerua argitzen duten argiak dira eta irail-urri eta otsail-martxo bitartean agertu ohi dira batez ere ordu txikitan eta zeru oskarbian.
Egoera klimatiko ezberdinak baldintzatuta hainbat landare-mota aurki daiteke udalerrian; hala nola, pinuak, ahabi gorriak eta iparraldean eta ekialdean aurki daitezkeen urki zilarkara eta izeidiak. Landaredia eta udalerriko faunak oso aberatsak dira eta ondorioz, Kemijärvik natura babesteko hainbat egitasmo gauzatu ditu; 2005. urtean esaterako, Pelkosenniemi eta Sodankylä udalerriekin elkarlanean handitutako Pyhä-Luosto Parke Nazionala da adibide argiena. Bertan, altzeak, azeri artikoak, elur-orein basatiak, hartz arreak, igarabak, laurehun urteko zuhaitzak... eta Finlandia osoko hegazti espezie sorta luzeena aurkitu daitezke; antzarak, eskinosoak, mokozabal zuriak, urubiak, zapelatz liztorjaleak eta zingira-hontzak esaterako [1].
Pyhä-Luosto Parke Nazionala 1938. urtean sortu zen Pyhätunturi izenarekin, baina 2005. urtean Pelkosenniemi eta Sodankylä udalerrietako Luosto parkearekin bat egin zuenean, gaur egungo parkea sortu zen eta urteko ia 100.000 turista jasoz hiru udalerrien oinarri ekonomikoa bihurtu da.