Lankide:Itsaso Arregi EHU/Proba orria
From Wikipedia, the free encyclopedia
Honako hauek dira 1950. hamarkadan soul musikaren sorreran ekarpena egin zuten abestien egileetariko batzuk: Clyde McPhatter, Hank Ballard eta Etta James.[1] Gainera, askotan aipatu izan da Ray Charlesek ezagutarazi zuela soul musika bere abesti arrakastatsuei esker; adibidez, 1954ko I Got a Woman.[2] Bobby Womack abeslariak zera esan zuen: «Ray jenio bat zen. Mundua soul musika bihurtu zuen».[3] Charlesek argi adierazi ohi zuen Pilgrim Travelers taldeko Jesse Whitaker abeslariak bere abesteko eran eragina izan zuela.
Bai Little Richard (Otis Redding inspiratu zuena[4]) zein James Brown ere eragin handikoak izan ziren. James Browni soul musikaren aitabitxi ezizena jarri zioten[5], eta Richardek bere burua «rock and rollaren eta rhythm and blues soularen erregetzat» hartzen zuen, bere musikak musika-estilo horien elementuak zituelako eta estilo horietako artistengan eragina izan zuelako.[6]
Sam Cooke eta Jackie Wilson ere soularen arbasotzat hartzen dira askotan.[7][8] Cooke The Soul Stirrers gospel taldearen abeslari nagusia izateagatik bilakatu zen ospetsu, baina gerora musika laikora igaro zen, eta horrek polemika sortu zuen. Bere 1957ko You Send Me abestiari esker ibilbide arrakastatsua hasi zuen pop musikan. Are gehiago, 1962ko Bring It On Home To Me abestiari buruz esan izan da «agian soul esperientzia definitzen duen lehenengo diskoa» dela.[9] Jackie Wilsonek (Cooke eta James Brownen garaikidea) ere ospea lortu zuen musika estiloak nahastuz, batez ere 1957ko Reet Petite arrakastatsuari esker. Eragin handia izan zuen, bereziki abesteko zuen modu dramatikoaren eta bere kontzertuen ondorioz.[10]