Lankide:June.Iza.Atxutegi/Mikorriza
From Wikipedia, the free encyclopedia
Mikorrizazioa landare eta onddo artean ematen den elkarketa sinbiotiko mutualista da, hau da parte hartzen duten bi osagaiek lortzen dute etekina erlaziotik [1]. Landareak zein onddoak sinbionte hertsiak izaten dira. Zehazki terminoak onddo (mykòs Grekeraz) eta sustrai (rhiza Latinez) arteko sinbiosiari egiten dio erreferentzia. Baina, sustrai gabeko landareek ere mikorrizak garatzen dituzte, adibidez briofito eta pteridofitoen protaloak.
Elkarte sinbiotiko honen ondorioz sortzen diren egiturek mikorriza izena daukate eta orokorrean ez dira espezifikoak izaten, hau da, onddo batek landare espezie ugarirekin sortu ditzake mikorrizak eta gainera onddo batek mikorriza mota ezberdinak sortu ditzake.
Landare lurtar gehienek mikorrizak garatzen dituzte: Briofitoek, Pteridofito askok, Gimnospermoek eta Angiospermo familia ugarik[1]. Angiospermoen familia gutxi batzuek mikorrizekiko erresistentzia mekanismoak garatu dituzte, hauek Ziperazeoak, Junkazeoak, Kariofilazeoak eta Kruzifeorak dira. Ezagutzen ditugun landare talde gehienetan agertzeaz gainera, landare espezien %95-ak naturan ezin du biziraun mikorrizarik gabe[2]. Hortaz garbi geratzen da ezinbestekoak direla ekosistema ezberdinen mantenuan. Mikorrizak sortzen dituzten taxona fungikoak Glomeromikotoak, Askomikotoak eta Basidiomikotoak dira.
Mikorrizek landare lurtarren xurgapen organoen azalera handitzen dute eta oso garrantzitsuak dira nutrienteen eskurapenean. Onddoen hifak lurrean aurkitzen diren mineralak xurgatuko dituzte, hala nola fosforoa (P) eta nitrogenoa (N). Nutriente hauek ez dira landarearentzat eskuragarriak eta bere hazkuntzarako elementu esentzialak dira. Onddoak xurgaturiko elementuak sinbiosian aurkitzen den landare espeziera garraiatuak izango dira. Kasu batzuetan, onddoak karbonodun konposatuak ere garraiatuko ditu landarera, adibidez Monotroparekin sinbiosian dagoenean. Bestalde, landareak fotosintesi bidez finkaturiko karbonodun konposatuak (fruktosa, sakarosa edo glukosa) eramango dituzte onddora [3]. Nutrienteak landare ezberdinen artean ere elkartrukatuko dira espezie ezberdinak elkarrekin konektatzen dituen onddo sinbionteen mizelio sareen bidez. Batez ere ektomikorrizen bidez konektatuko dira landare komunitate ezberdinak[4].