Lankide:UxueVJ/Proba orria
From Wikipedia, the free encyclopedia
«Lore», «lorea», «loreak» orriek hona dakarte. Bestelako esanahiei buruzko orria hau da: «Lore (argipena)»
Loreak (latinez flos, floris, id.) landare loredunen (Magnoliophyta) sexu-organoak dira, eginkizun nagusitzat landarea ugaltzea dutenak. Lorea, izatez, adar espezializatu bat da, ugalketarako espezializatutako hostoak dituena. Hosto eraldatu horiek osatzen dituzte loreen atal nagusiak.
Loreek bi atal mota dituzte: ugaltze-atalak eta babes-atalak.
- Ugaltze-atalak ezberdinak dira arretan eta emeetan, eta horietako bakoitzak hainbat izen ditu: lorezila, androzeoa edo estaminea (arra); eta karpeloa, pistiloa edo ginezeoa (emea).
- Loreen babes-atalak, aldiz, petaloak eta sepaloak dira. Petaloek korola osatzen dute, eta sepaloek kaliza.
Karpeloaren barruan obulutegia dago, eta bertan obuluak. Obuluak loreziletako androzeoetan sortutako polenarekin harremanetan jarritakoan, hazi bihurtzen dira, ernalketa bikoitz bidez. Fruituak ere loreetatik sortzen dira.
Landareen dibertsitatea izugarria da; izan ere, enbriofito guztiak hartzen baditugu kontuan, briofitoak bezalako landare sinpleetatik, pteridofito, gimnospermo eta angiospermoetaraino joan gaitezke konplexutasun maila kontuan hartuta. Lorearen egitura angiospermoetan soilik agertzen da, gimnospermoetan hazi biluzia garatzen baita. Hori da bi talde horien artean dagoen ezberdintasuna. Angiospermoetan haziak obulutegian garatzen dira, aurrerago fruitua emango duen organoan.