Monte Albán
From Wikipedia, the free encyclopedia
Monte Albán Mexikoko Oaxaca estatuko hiriburu den Oaxaca de Juárez hiritik 10 kilometrora dagoen eremu arkeologiko bat da. Monte Albán, denbora askoan, Aro Aurreklasiko ertainean (K. a. 1500-K. a. 700) San José Mogote gainbera hasi eta Monte Albán bera ere IX. mende inguruan erori zen arte, Oaxacako Erdialdeko Haranetan botere menderatzailearen egoitza izan zen. Zapotekek Aro Aurreklasiko Berantiarrean sortu zuten hiri honen antzinako izena eztabaidagai da. Iturriren batzuen arabera, jatorrizko izena Dani Baá izan zen. Aldiz, mixtekek hiria Yucucúi (mixtekerazko Yúcu-cúi, "Muino Berdea" esan nahi duena) bezala ezagutu zutela ezagutzen da.
Oaxacako hirigune historikoa eta Monte Albán arkeologia gunea1 UNESCOren gizateriaren ondarea | |
Mendebaldeko plataforma | |
Mota | Kulturala |
Irizpideak | i, ii, iii, iv |
Erreferentzia | 415 |
Kokalekua | |
Eskualdea2 | Latinoamerika eta Karibea |
Izen ematea | 1987 (XI. bilkura) |
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua) 2 UNESCOren sailkapena |
Erdialdeko Amerikako metropoli handi gehienak bezala, Monte Albáneko biztanleria etnia anitzetakoa zen. Bere historian zehar, hiri honek Erdialdeko Amerikan oso garrantzitsuak izan ziren beste hiri batzuekin lotura oso estuak izan zituen, bereziki Teotihuacandarrekin Aro Klasiko goiztiarrean. Eliteak eta biztanleriaren zati handi batek hiria Xoo Fasearen amaieran utzi zuen. Alabaina, Monte Albángo Eremu Arkeologikoko multzoak osatzen duen zeremonia barrutia mixtekek erabili zuten Aro Postklasikoan. Garai honetarako, zapoteka herriaren botere politikoa zenbait hiri-estaturen artean banatua zegoen, Zaachila, Tehuantepec, Yagul eta Lambityeco kasu.
Bere existentzia garai kolonialean ezaguna izatea litekeena den arren, Monte Albán ez da konkistaren kroniketan edo hurrengo mendeetan aipatzen XIX. mendearen hasiera arte. XX. mendearen lehen erdialdean, Alfonso Caso mexikarrak egundaino aurkitu den Erdialdeko Amerikako urrelanen biltegi handiena zegoen 7. Hilobia aurkitzera eraman zuten indusketa batzuk egin zituen.
Espainiarren aurreko monumentu multzoa eta Oaxaca de Juárez hiriaren erdigune historikoa 1987an UNESCOren Gizateriaren Ondare programaren erregistroan gehituak izan ziren.