Sodankylä
From Wikipedia, the free encyclopedia
Soađegilli edo Sodankylä (Inariko samieraz, Suáđigil; skolt samieraz, Suäˊđjel) iparraldeko Lappi eskualdean dagoen finlandiar udalerria da. Herrialde osoko azalera handiena duen udalerria da Inari bizilagunaren atzetik –12.415,41 km²–[1], eta eskualdearen erdiguneko eremua hartzen du beregan. Lurraldearen %72 herri lurrak dira eta %28 babestutako eremuek osatzen dute, besteak beste, Pyhä-Luostoko eta Urho Kekkonen parke nazionalek[4]. Bestalde, Sodankyläk 8.319 bizilagun ditu; biztanle gehien duen Ipar Lappiko udalerria da, Lappiko laugarrena[2]. Biztanle horietatik 300 inguru (%4) samiak dira, izan ere, udalerria samien berezko lurraldearen barnean dago, Sápmi deituriko lurraldean. Sodankylä samien ohiturak, hizkuntzak eta lurrak babesteko asmoz 1973an sortu zen Finlandiako Samien Lurraldearen fundatzaileetako bat da[4]. Hain zuzen, bertan hitz egiten den samiera, ipar samiera, hizkuntza ofiziala da iparraldeko eremuan finlandierarekin batera[5].
Soađegilli / Sodankylä | ||
---|---|---|
| ||
Berezko izena | Soađegili gielda (ipar samieraz) Sodankylän kunta (finlandieraz) | |
Herrialdea Eskualdea Azpieskualdea |
Finlandia Lappiko eskualdea Ipar Lappiko azpieskualdea | |
Alkatea | Jari Rantapelkonen | |
Sorrera | 1893 | |
| ||
Koordenatuak | 67°25′00″N 26°35′35″E | |
Azalera - Ur-azalera |
12.415,41 km²[1] 723,71 km² (%5,83) | |
Biztanleria Dentsitatea Lehen hizkuntza - Finlandiera - Ipar samiera - Besteak |
8.319 (2020)[2] 0,73 bizt/km² (2019)[3] % 96,7 (ofiziala) % 1,6 (ofiziala1) % 1,7 | |
Webgune ofiziala | ||
1 Iparraldeko eremuan baino ez da ofiziala, Samien Lurraldean. |
Udalerria erdigunean dagoen elizateak eta lurralde guztian zehar zabaltzen diren hainbat herri txikik osatzen dute, besteak beste, Sattanen, Kelujärvi, Orajärvi, Vaalajärvi eta Sodankyläko samien erdigunea den Vuotso herriek[6]. Samien elur-orein abeltzaintzak eta basogintzak indar handia izan duten arren, egungo motore ekonomikoak urtegiek sortutako zentral hidroelektrikoak, meatzeak (batik bat, Kevitsako meatzea) eta Tähtelako Zientzia Elkartea dira[4].
Ondasun nabarmenen artean, aipatzekoak dira XVII. mendeko Sodankyläko eliza zaharra -zutik dirauen Lappiko egurrezko eraikin zaharrena-, Andreas Alariesto margolariaren obra jasotzen duen Alariesto Galeria-Museoa, Tankavaaran dagoen Urre bilatzailearen Museoa eta, batez ere, Urho Kekkonen Parke Nazionala[7].