Txikipedia:Biosfera
From Wikipedia, the free encyclopedia
Biosfera edo Ekosfera munduko ekosistema guztien batuketa da, edo, bestela esanda, Lur planetako izaki bizidun guztien multzoa, haien bizileku edo ingurunearekin batera. Hori dela eta, biosfera lurrazalaren zati bat da, baina baita hidrosferaren eta atmosferaren zati bat ere.
Izan ere, bizidun batzuk uretan bizi dira (hidrosferan), adibidez arrainak edo algak. Beste batzuk atmosferan egon daitezke (hegaztiak, esaterako). Eta bizidun ugari geosfera delakoan bizi dira, hau da, lurrazalean bizi dira. Biosferatik kanpo ez dago bizitzarik. Beraz, biosfera atmosferaren beheko aldearen, hidrosferaren eta geosferaren azaleko eremuaren artean dago. Atmosferarekin gas-trukearen bidez erlazionatzen da. Hidrosferarekin, izaki bizidun guztiak urez osatuta gaudelako, eta ura behar dugulako gure bizi-funtzioak egin ahal izateko. Eta geosferarekin, haren gainean bizi direlako eta bera aldatu egiten dutelako.
Animaliak, landareak edo mikroorganismoak dituen Lurreko zatia da beraz biosfera. Hortaz, gizakiok ere biosferako partaide gara.