Txikipedia:Hogeita Hamar Urteko Gerra
From Wikipedia, the free encyclopedia
Hogeita Hamar Urteko Gerra 1618 eta 1648 artean Europan, batez ere gaur egungo Alemaniako lurraldeetan, gertatutako gerra bat izan zen. Garai hartan, Alemania ez zen existitzen; tamaina askotako lurraldeak zeuden, bakoitza agintari batek gidatzen zuena, baina guztiak Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorearen mende zeuden.
Fernando II.a Habsburgokoa enperadoreak erlijio katolikoa ezarri nahi zuen bere lurralde guztietan, baina horrek aldatu egiten zuen 1555ean Karlos V.a enperadorearen eta printze protestanteen artean lortutako akordioa; akordio (Augsburgeko bakea) horren arabera, inperioko printzerri katoliko eta protestanteak orekatuta egongo ziren eta estatu bakoitzak bere printzearen erlijioa hartuko zuen.
Bestalde, beste herrialde batzuek lurralde alemaniarrak konkistatu nahi zituzten eta horregatik bidali zituzten soldaduak gerrara. Herrialde horiek, nagusiki, Frantzia, Danimarka eta Suedia ziren. Baina Espainia ere tartean sartu zen.
Hogeita Hamar Urteko Gerra bereziki krudel eta beldurgarritzat jotzen da. Su-armak erabili ziren lehen gerra handia izan zen. Zortzi milioi pertsona baino gehiago hil omen ziren, Europako potentzia handiak sartu ziren tartean eta kontinentearen historia betiko aldatu zuen.