Txikipedia:Ilargiaren esplorazioa
From Wikipedia, the free encyclopedia
Ilargia da gure auzokorik hurbilena espazioan, eta lehen teleskopioak asmatu zirenetik ikertu dugu gizakiok haren gainazala.
Joan den mendearen erdialdean, 50eko hamarkadan, bidali ziren espaziora Ilargia esploratzeko jaurtitako lehen espazio-ontziak, baina nahiko primitiboak ziren. Berehala hasi zen “espazioko lasterketa” deitutakoa, garai hartako potentziarik handienen artean, hau da, Estatu Batuen (AEB) eta Sobietar Batasunaren (SESB) artean; eta, espazioa esploratzeko lehia haren eskutik, oso azkar garatu zen teknologia aeroespaziala, eta urte gutxiren buruan lortu zen gizakiak gure satelitera bidaltzea lehen esplorazioak egitera.
Hori gertatu baino lehenago, 1959ko urtarrilean, sobietarrek espazio-zunda deitzen den gailu bat bidali zuten Ilargitik hurbilera suziri batean; hurbilera, nolabait esanda, noski: ia 6.000 kilometrotara hurbildu zen, berez. Gailuaren izena Mechta zen errusieraz, “Ametsa” euskaraz, baina geroago Luna 1 ipini zioten, eta hala ezagutzen da gaur egun. Gailu esferiko bat zen, 80 cm-ko diametroa zuena eta 361 kiloko pisua besterik ez. Sobietarren hasierako asmoa zunda Ilargiaren gainazala jotzea zen, baina ez zen bertaraino iritsi; hala ere, bere antena eta tresna zientifikoen bitartez, Ilargiari buruzko datu ugari jaso ahal izan zituen; besteak beste, gure sateliteak ez duela inolako eremu magnetikorik.