Txikipedia:Industria
From Wikipedia, the free encyclopedia
Industria nekazaritzatik, abeltzaintzatik, arrantzatik eta meatzaritzatik lortutako lehengaiak eraldatzen dituen jarduera da; ekonomiaren bigarren sektorea da. Nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta meatzaritza, berriz, lehen sektorea dira. Industriak jendeak kontsumitzeko moduko produktu landuak egiten ditu lehen sektoreko lehengai horietatik. Adibidez, fruituetatik marmeladak, fruta almibarretan, zukuak, freskagarriak, etab. lortzen ditu. Burdinarekin, metal honetaz egindako barrak, xaflak, torlojuak eta makinak (esaterako, kotxe bat) osatuko dituzten beste pieza batzuk ere sortzen ditu.
Industriak bere lana gauzatzeko leku jakin batzuk behar ditu, hau da, fabrikak. Hauek energia behar dute, elektrikoa orokorrean, produktuak transformatuko dituzten makinak funtzionarazteko. Azukrea eskuratzeko fabriketan, adibidez, kanabera edo erremolatxa birrintzen duten makinak daude; mamia lehortzen dute eta, zenbait prozesuren ondoren, guk kontsumitzen dugun azukrea lortzen dute.