Txikipedia:Intsektu
From Wikipedia, the free encyclopedia
Intsektuak animalia ornogabe mota bat dira. Ezaugarri hauek dauzkate: antena pare bat, hiru hanka pare eta bi hegal pare (hala ere, batzuetan, hegal gutxiago izaten dituzte, edo bat ere ez).
Intsektuak aztertzen dituen zientziari entomologia deitzen zaio.
Intsektuak Lurreko animalia talderik anitzena dira. Gutxi gorabehera milioi bat espezie daude deskribatuta (beste animalia talde guztiak batera baino gehiago) eta 30 milioi espezie daude oraindik deskribatu gabe; beraz, denak kontuan hartuta, planetako bizidunen % 90 baino gehiago osatuko lukete intsektuek.
Intsektuak planetako ingurune ia guztietan daude; dena den, oso espezie gutxi egokitu dira ozeanoetako bizitzara.
Askotan, jendeak pentsatzen du besteak beste ehunzangoak, milazangoak, eskorpioiak eta armiarmak (lurreko artropodoak dira horiek guztiak) intsektuak direla, antzeko gorputz-egitura dutelako, baina erraz desberdin daitezke; izan ere, intsektuek hiru hanka pare dauzkate, eta eskorpioi eta armiarmek lau pare; gainera, ez dute antenarik. Ehunzangoek eta milazangoek hanka pare asko dituzte.