Txikipedia:Italia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Italia Europako hegoaldeko herrialde bat da. Erroma da bertako hiriburua. Estatu errepublikanoa da; hau da, presidentea dauka. Bestalde, Europar Batasuneko kidea da Italia. 2017ko datuen arabera, 60 milioi inguru biztanle ditu. Italiera da hizkuntza ofiziala, baina dialekto asko eta beste hizkuntza batzuk ere hitz egiten dira Italian.
Italiako lurralde gehiena penintsula bat da, Europako hegoaldetik Mediterraneo itsasoraino hedatzen dena; penintsula horrek, goitik ikusita, bota baten itxura du. Penintsulatik kanpo, Sizilia eta Sardinia ere, Mediterraneoan dauden bi uharte handi, Italiaren parte dira.
Italiak muga egiten du Frantzia, Suitza, Austria eta Esloveniarekin, eta itsaso Adriatikoarekin ekialdean. Italiako ibairik luzeena, Po ibaia, Adriatikoan itsasoratzen da.
Italia herrialde oso menditsua da. Iparraldean Alpeak daude, eta Apeninoek penintsula osoa gurutzatzen dute. Italiako mendirik garaiena, Monte Rosa mendia, erdialdeko Alpeetan dago. Italiako hegoaldean, berriz, aktibo dauden sumendi batzuk daude, Vesuvio eta Etna, besteak beste.
Orokorrean, hegoaldeko klima iparraldekoa baino epelagoa da.