Txikipedia:Star Wars
From Wikipedia, the free encyclopedia
Star Wars (euskaraz Izarretako Gerra) 1970eko hamarkadan George Lucasek sortutako zientzia-fikzio espazialeko film bilduma da. Bildumako lehen filma 1977an estreinatu zen, eta ordutik beste zortzi film egin dira, baita hainbat telesail ere.
Star Warsek berehalako arrakasta izan zuen, eta ondorioz, bilduma edo saga horren inguruko hainbat produktu egin dituzte, hala nola liburuak, bideo-jokoak, telebista-programak, jostailuak eta arropa.
Sagako lehenengo filmak sei oscar sari irabazi zituen, eta efektu berezietan egindako aurrerapena zela eta, industria zinematografikoa irauli egin zuen. Lucasen efektu berezien konpainiak, Industrial Light and Magic-ek, toki exotikoetan bizi ziren hainbat izaki estralurtar irudimentsu eta "droide" mekaniko ugari diseinatu zituen. Borroka espazialak eskalako miniaturekin egin ziren. Sagak efektu berezien arloan aurrerapen nabarmenak egiten jarraitu zuen XXI. mendean. Lucasek Star Warsen lehen filmaz gain, beste bi jarraipen egin zituen: Star Wars V. Atala: Inperioaren Kontraerasoa (1980) eta Star Wars VI. Atala: Jedi Zaldunaren Itzulera (1983).
Lehen filma agertu eta 20 urte baino gehiagora, Lucasek bigarren trilogia bat (hiru filmeko multzo bat) estreinatu zuen. Bigarren trilogia horretan, originalekoak baino lehenagoko gertaerak erakutsi zituen. Berriz hartu zuen zuzendari papera, izan ere, lehen filma zuzendu zuen, baina ez ondorengo biak. Aktore gazte berriak erabili zituen, baita bideo digitalaren teknologian egin berri ziren aurrerapenak ere. Star Wars I. Atala: Mamu Mehatxua (1999), Star Wars II. Atala: Klonen Erasoa (2002) eta Star Wars III. Atala: Sitharren Mendekua (2005) oso arrakastatsuak izan ziren, nahiz eta jatorrizko trilogiak baino kritika on gutxiago jaso zuten.
Zazpigarren filma, Star Wars VII. Atala: Indarraren Iratzartzea, 2015ean estreinatu zen. Walt Disney konpainiak ekoitzitako bildumako lehen filma izan zen, horrek 2012an Lucasfilms Ltd. erosi baitzuen. Filmean pertsonaia berriak aurkeztu ziren eta pertsonaia kuttunen historiak landu ziren, hala nola Han Solo eta Leia printzesaren istorioak. Star Wars VIII. Atala: Azken Jediak (2017) sagarekin jarraitu zuen eta Luke Skywalker berriz sartu zen argumentuan. Star Wars: Skywalkerren altxamendua edo Star Wars IX. Atala: Skywalkerren altxamendua ere deitua, 2019an estreinatu zen. Star Wars bildumako bederatzigarren filma eta azkena izan zen.