Abiadura handiko trenak Iberiar Penintsulan
Iberiar Penintsulan usiatzen du abiadura handiko trenak eta burdinbideak / From Wikipedia, the free encyclopedia
Abiadura handiko trenak Iberiar Penintsulan gaur egun abiadura handiko bost ardatz nagusik osatzen dute. Ardatz horietatik hainbat zerbitzu eta eraikitzen edo proiektatzen ari diren burdinbide ugari igarotzen dira.
Sare horretatik Renfe Operadorearen hainbat zerbitzu dabiltza, batez ere AVE, Alvia eta Avant; eta 2010etik, Société Nationale des Chemins de fer Français enpresako TGV. Hauetatik ezagunenak AVE zerbitzuak dira. Hori dela eta, Espainiar Estatuko abiadura handiko trenak eta trenbideak 'AVE' deitzen dira. Etorkizunean, Eusko Trenbideak euskal operadore publikoak Euskal Herriko abiadura handiko burdinbideetan lan egitea aurreikusi du.[1][2] Ferrocarrils de la Generalitat de Catalunya homologo katalanak ere planteatu zuen aukera hori Katalan Herrietan.[3][4]
Azpiegituraren banaketa ez da homogeneoa; ia guztiak Espainiar Estatuan daude (eraikitako bideen 2 850 kilometro inguru); Portugalen, berriz, ez dago burdinbiderik, ez obretan, ez planifikatuta. Herrialdez herrialde, Katalunia da hiri garrantzitsuenak konektatuta dituen bakarra, 503 kilometroetarekin. Euskal Herriak, bere aldetik, kilometro operatiborik ez izan arren, 384 kilometro ditu eraikitzen ari diren bideetan, Hego Euskal Herrian banatuta.
Azken urteotan zalantza handiak izan dira Espainiar Estatuan duen errentagarritasunaz, eta Espainiako Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak azterlan bat egin du. Azterlan horren arabera, abiadura handia ez da errentagarria ezein ildotan, ezta Madril-Perpinyà burdinbidean ere, eta dirua behar handiagoa duten beste zerbitzu batzuetara desbideratzea proposatzen du, hala nola aldiriko eta eskualdeetako zerbitzuetara. Jose Luis Abalos Espainiar Garraio Ministroak EEFAIen gomendioak entzungo direla azpimarratu du, eta horrek zalantzan jartzen du abiadura handia Espainiar Estatuango etorkizuna.[5][6]