Antisorgailu
Ernalketa galarazten duen substantzia, aparatu edo metodoa / From Wikipedia, the free encyclopedia
Kontrazepzio metodoak, metodo antisorgailuak edo, besterik gabe, antisorgailuak sexu harremanetan ernalkuntza eta haurdunaldia ekiditeko substantzia, aparatu edo metodoak dira.[1] Planifikazioari eta antisorgailuen hornikuntza eta erabilerari planifikazio familiarra deitzen zaio. Sexu-hezkuntzak eta antisorgailuetara irisgarritasuna izateak nahigabeko haurdunaldiak gutxitzen ditu.[2]
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Metodo antisorgailuak antzinako garaitatik erabili dira baina antisorgailu eraginkor eta seguruak XX.mendetik aurrera garatu ziren. Zenbait kulturek kontrazepzio metodoak gaitzetsi eta debekatu egiten dituzte.
Antisorgailuak zenbait taldetan bereiz daitezke, hala nola, hesi metodoak (preserbatiboa esaterako), eragile kimiko edo hormonalak (pilula antisorgailua, esaterako) eta kontrazepzio naturala (Ogino metodoa, esaterako).
Eraginkortasun handiena duen metodoa, abstinentziaren atzetik, esterilizazioa da (basektomia gizonen kasuan eta tronpen lotura emakumeen kasuan), hau ordea iraukorra da. Ondoren, eraginkorrenak umetoki barneko gailuak (DIUa) eta azal azpiko antisorgailuak dira. Hauen atzetik antisorgailu hormonalak dira eraginkorrenak, hala nola, pilula antosorgailuak, partxea eta baginako eraztuna. Eraginkortasun gutxiago dute kontrazepzio naturalak eta hesi metodoek. [3] Azken hauek dira, ordea, sexu harremanen bidez transmititzen diren gaixotasunak ekiditeko egokienak.
Emergentziazko metodoek, adibidez hurrengo eguneko pilulak, babesik gabeko harreman baten ondoren haurdunaldia saihestu dezakete (lehen 72 eta 120 ordu artean).