G proteinei loturiko hartzaile
From Wikipedia, the free encyclopedia
G proteinei loturiko hartzaileak (ingelesez: G protein-coupled receptor; GPCR siglekin ezaguna) seinaleztapenean berebiziko funtzioa betetzen duten mintzean zeharreko 7 domeinuz osatutako proteina eukariotikoak dira; izan ere, giza proteomaren familiarik handiena osatzen dute, 800 GPCR inguru identifikatu direlarik. Horrez gain, familia handi hori 5 talde nagusitan sailkatu da, GRAFS siglez adierazten direnak: Glutamate (Glutamato), Rhodopsin (Errodopsina), Adhesion (Atxikidura), Frizzled eta Secretin. GPCR talde nagusi horiek azpitaldetan ere sailkatzen dira, sekuentzien arteko antzekotasunetan oinarrituta.
GPCRak mintzean zeharreko domeinuez osatutako proteinak dira, alegia, zelula-mintzean kokatuta daude eta, zelulaz kanpoko hainbat kinada ezagutzen dituzte, besteak beste, fotoiak, ioiak, usainarekin lotutako molekulak, feromonak, hormonak, lipidoak, peptidoak eta proteinak. Kinada horietako bat jasotzen dutenean, seinaleztapen-mekanismoa abiarazten dute β arrestinen edo G proteinen bidezko bidezidorrak piztuz, erantzun fisiologikoa eragiteko helburuarekin. Gainera, aipatzekoa da GPCRen bidezidorra giza gaixotasun askorekin lotu dela; horregatik, gaur egun erabiltzen diren farmakoen % 30-50ek GPCRak dituzte itu gisa.[1]