Zabor-posta
From Wikipedia, the free encyclopedia
Zabor-posta (ingelesez: spam) hartzailearen baimenik gabe bidalitako mezuak dira. Orokorrean helburu komertziala izaten dute, iragarki itxurako mezuekin, biktimak engainatuz etekin ekonomikoa helburua duten mezuak ere ohikoak diren arren. Hasieran posta elektroniko eta eztabaida-taldeetan zegoen zabor-posta, baina gaur egun blog, wiki, foroak, bat-bateko mezularitza eta beste zenbaitetan ere badugu.[1][2][3]
Gorrotatutako zerbait da zabor-postaren kontu hau.[4] Gogaikarria izateaz gain, banda-zabalera handia kontsumitzen du. Badaude, ordea, mezu hauek iragazteko sistemak.
Azken urteotan, gainera, zabor-posta kopurua izugarri hazi egin da, zenbait posta elektroniko helbide jakinda oso erraza eta merkea baita mezuak bidaltzea.
Zabor-posta bidaltzen duenak ehunka edo milaka kexa mezu jasoko ditu ordainetan. Posta elektroniko zerbitzari ugarik, ordea, ez erantzutea gomendatzen dute, honi esker bidaltzaileak benetan helbide hori existitzen dela eta erabiltzen dutela egiazta dezakeelako.[5]
Mezu elektronikoen % 70 spam direla uste da, eta ondorioz, posta elektronikoak eraginkortasuna galtzen du. Mondragon Unibertsitateak ikerketa bat egin du spama pertsonalizatu daitekeen ezagutzeko.[6]
2002az geroztik guztiz orokortuta dago posta-zerbitzarietan zabor-mezuak automatikoki iragazten dituzten programen erabilera.