Donostiako historia
Donostia hirian denboraren joanean jazotako gertaeren ikerketa eta kontakizuna / From Wikipedia, the free encyclopedia
Donostiako historia 800 urtetik gora luzatzen da Nafarroako Antso Jakitunak 1180 inguruan hiri-gutuna eman eta egungo izenaz deitu zionetik. Dena den, egungo Donostian eta haren inguruan baziren lehenago ere giza finkapenak. Gizakia orain dela 25.000 urtetik, gutxienez, bizi izan da Donostia inguruan. Ametzagaina izeneko lekuan garai horretako industria litikoa aurkitu dute.[1] Sortu zenetik, Donostiak garrantzi nabarmena izan du Euskal Herriko gizarte-, politika- eta kultur bizitzan, baita Europako eta Atlantiko itsasoko hainbat gertaera erabakigarriren garapenean ere.
Urumearen bokaleko inguruneak 1181ean jaso zuen hiri-gutuna, Izurun herria zegoen tokian, Nafarroako Antso VI.a erregeak emana eta Europako lehendabiziko itsas foruetako bat; argi geratu zen harrezkero Donostiaren itsas bokazioa. Hiri-gutunarekin heltzen hasitako gaskoiek itsas merkataritza hauspotu zuten, eta hiriaren nortasuna mendetan markatu, buruz buru euskaldunekin. Kokapen geografikoak balio izan dio Arku Atlantikoko arrantzan eta itsas merkataritzan leku garrantzitsua betetzeko, balea arrantzarako eta kortsarioen jarduerarako erdigune eta babesgune bihurturik Aro Modernoan, gerraren itzala beti gainean zuela.
Donostiaren paisaia eta hedadura geografikoa aldatzen joan da, eta Pasaia izan da Donostiako portu nagusia historikoki, XVIII. mende amaieran hartatik bereizten hasi arte. 1813ko Donostiaren suntsipenak, 1863ko harresien eraisteak eta burdinbidearen konexioak (1864) Donostia berria ekarri zuen. Hiria Europako hirigintza joeretan kokatu zen, turismora lerratua Biarritzen gisara, eta harremanen topagune bihurtua, baina baita erdaldundua ere XIX. mende bukaeratik.