Franklinen espedizio galdua
From Wikipedia, the free encyclopedia
Franklin-en espedizio galdua esaten zaio 1845ean britainiarrek Artikoa esploratzera bidalitako espedizio bati, zeina Sir John Franklin kapitainak zuzendu zuen, bi ontzirekin, HMS Erebus eta HMS Terror, bilatzeko pasabide bat, Ipar-Mendebaleko pasaia, lotuko zituena Ozeano Barea eta Atlantikoa. Franklin Erret Itsas Armadako ofiziala zen, eta esploratzaile esperientziaduna, eta aurretik Artikorako hiru espediziotan parte hartu zuen, azken bietan komandante buru gisa. Laugarrenaren ardura hartu zuenean 59 urte zituen. Hasieran eskifaiako hiruzpalau kide hil ondoren, ontzi biak izotzean harrapatuta geratu ziren Victoria estugunean, Gilen Erregearen uhartearen ondoan, Kanadako Artikoan. Espedizio osoa, 129 gizonek osatua, galdu egin zen, Franklin bera barne.[1]
Franklinen espedizio galdua | |
---|---|
Mota | ikerketa espedizioa |
Denbora-tarte | 1845eko maiatzaren 19a - 1848 |
Herrialdea | Kanada |
Parte-hartzaileak | |
Operatzen dituen elementuak | HMS Erebus, HMS Terror (1813) |
Franklinen emazteak eta desagertutakoen familiartekoek bultzatuta, 1848an Almirantegoak espedizio bat bidali bidali zuen galdutako espedizioa bilatzeko. Franklinen famak bultzatuta, eta Almirantegoak eskainitako sariak, espedizio asko antolatu ziren, hainbeste ze 1850ean zenbatu ziren 11 ontzi britainiar eta hiru amerikar. Ontzi haietako zenbait Beechey uhartearen ekialdean elkartu ziren, non aurkitu zituzten espedizioari zegozkion lehen aztarnak, hiru marinelen hilobiak barne. 1854an, Gilen Erregearen uharteko hegoaldea aztertzen ari zela, John Rae esploratzaileak Franklinen taldearen zenbait aztarna eskuratu eta istorio entzun zituen inuit baten ahotik. 1859an, Francis Leopold McClintock esploratzaileak aurkitu zuen ohar bat Gilen Erregearen uhartean, non zenbait xehetasun ematen ziren espedizio galduaren inguruan. XIX. mendean espedizio gehiago bidali ziren, galdutako haren gorabeherak argitzeko. 2014an Parks Canada erakundeak urpean aurkitu zituen Erebus ontziaren hondakinak O'Reilly uhartearen mendebaldean, Maud Erreginaren golkoan.[2] Bi urte geroago, Artic Research Foundation / Artikoa Ikertzeko Fundazioak aurkitu zuen Terror ontziaren hondakina Terror badiaren uretan hondoratua, Gilen Erregearen uharteko hegoaldean.[3] Oraindik ere ikerketa-lanak egiten ari dira hondakinen lekuetan.
1981ean, Owen Beattie Albertako Unibertsitateko irakasle batek zuzendutako zientzialari talde bat hasi zen ikertzen Franklinen gizonek Beechey eta Gilen Erregearen uharteetan utzitako hilobiak, gorpuak eta bestelako ebidentzia fisikoak. Ondorioztatu zuten Beechey uhartean lurperatutako gizonak hil zirela pneumoniak eta tuberkulosiak jota, eta, seguruenik, haien osasunak okerrera egin zuela Berunaren ondorioz jasotako pozoiagatik, zeina ustez baitzetorren gaizki soldatutako janari-potoetatik. Geroago baina, iradoki da berunaren jatorria egon zitekeela ontziaren hoditerian, edateko ura garraiatzekoa.[4] Hala ere, 2013an eta 2016an egindako ikerketek iradokitzen dute berunak baino eskifaiaren osasun txarrak izan zuela pisu handiagoa haien heriotzetan, seguruenik nutrizio desegokiak eragindakoa —zehatzago esanda, zink eskasia—, seguruenik okela falta izan zelako haien dietan.[5]
Gilen Erregearen uhartean aurkitu ziren giza hezurretan agerturiko ebaki-arrastoak ikusi ziren Kanibalismoaren seinale gisa. Ikerketa lanen ebidentziek iradokitzen dute ontzietako marinel guztiak ez zirela agudo hil. Hipotermiak, goseak, berun-pozoitzeak edo zink eskasiak, eta eskorbutoa bezalako gaixotasunak, baita denbora luzez aurkako ingurune batean egoteak arropa eta janari desegokiarekin, horiek guztiek hil zituzten espedizioko kide guztiak hurrengo urteetan.
Espedizioaren porrota eta kanibalismoaren inguruko informazioak gorabehera, Viktoriar Aroko hedabideek heroitzat aurkeztu zuten Franklin. Kantuak eskaini zitzaizkion eta estatuak eraiki, bai Londresen eta baita Tasmanian ere, non egotzi zitzaion Ipar-mendebaleko pasaia aurkitu izana, nahiz eta inork ez zuen halakorik egin, harik eta Roald Amundsen-ek zeharkatu zuen arte, 1903-1906 espedizioan. Artelan asko egin dira Franklinen espedizio galduaren inguruan, hala nola abestiak, poesiak, narrazio laburrak eta nobelak, baita filmak, telebistako dokumentalak eta telesailak ere.