Frenologia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Frenologia (grezieraz: φρήν, fren, "arrazoia"; eta λόγος, logos, "ezagutza") teoria sasizientifikoa bat da, egun baliorik gabea. Teoria horrek burmuina arrazoiaren organoa dela baieztatzen du, eremu batzuek funtzio espezifikoak edota moduluak dituztela arrazoitzen du eta, horrenbestez, burmuina neurtzean datza bere jardun nagusia.[1][2] Ezagutza enpirikotik abiatzen den arren, frenologia haratago doa, eta horrela urrundu zen zientziatik.[2][3]
Haren ideia nagusia da jarrera kriminalen joerak burezurra neurtuz eta aurpegiaren ezaugarriak kontuan izanik aurreikus daitezkeela.[3][4] Ezagutza hau Franz Joseph Gall mediku alemaniarrak garatu zuen 1796an,[5] eta esan daiteke XIX. mendean eragin handia izan zuela, batez ere 1810-1840 urteen bitartean. Britainia Handiko zentro handiena Edinburgoko Frenologia Elkartea izan zen 1820an.
Gaur egun, sasizientziatzat hartzen da,[3][4][6][7][8][9] haren metodologia zalantzakorrarengatik. XIX. mendean psikiatria eta psikologia esparruan eragin handia izan zuen arren, hainbat idazlek baztertu egin zuten.[10][11][12][13] Aldiz, Gallek adierazi zuenez, onartu beharra dago historikoki aurrerapen handia izan dela neuropsikologiaren baitan,[14][15] hainbat jarrera, emozio eta pentsamendu burmuinaren eremu jakinetan daudela aldeztu zuelako.
Era berean, Erromatar Eliza Katolikoaren kritika jaso zuen teoria honek, determinista eta materialista zelako[16], eta erabakimen askearen auzian sartzen zelako.[17]