Fundatzaile efektua
From Wikipedia, the free encyclopedia
Populazioen genetikan, fundatzaile efektua, populazio nagusi bateko banako kopuru oso txiki batek populazio berri bat sortzen duenean gertatzen den aldakuntza genetikoaren galera da [1]. Kasu honetan, jatorrizko populaziotik azpitalde txiki bat atera ohi da, zeinetan ez den zertan jatorrizko populazioaren aldakortasun guztia islatuta egon behar [2]. Izan ere, jatorrizko populazioarekin alderatuz populazio berri honen tamaina askoz ere txikiagoa izaten denez, jatorrizko populazioarekiko aldakortasun genetiko txikia erakutsi dezakete. Hori ez ezik, jito genetikoarekiko sentikortasun handiagoa erakutsi ohi dute baita ere, kasu hauetan endogamia areagotu ere egin daitekeelarik. Hortaz, ematen den aldakortasun genetikoaren galeraren ondorioz, populazio berria jatorrizko populazioarekiko desberdina izan daiteke, bai genotipikoki, bai fenotipikoki.
Muturreko kasuetan, halaber, fundatzaile efektuak espezie berrien espeziazioa eta hauen ondorengo eboluzioa ekar dezake [3] [4]. Izan ere, zenbaitetan argudiatu da maiztasun alelikoetan gertatzen den aldaketa faktore potentzialki garrantzitsua dela espeziazioan, genotipoen maiztasun eta konbinazio berriak sortzen baitira populazio fundatzaileetan. Jatorrizko populazio handian eboluzionatuko ez luketen alelo hauek, beraz, askoz ere maiztasun handiagoan ager daitezke populazio berrian, puntako aldaketa moldagarri azkarrak eraginez eta isolatu peripatrikoetan ugalketa-isolamendua sortuz [5].
Irudian ikusten den bezala, hasierako populazioan (ezkerrean dagoen borobil handian) irudikatuta dauden indibiduoek erakusten duten aleloen maiztasuna nahiko antzekoa da, borobil urdinak zein karratu gorriak proportzio nahiko antzekoan agertzen baitira. Ondoren, fundatzaile efektu desberdinen ondorioz, populazio desberdinak bereiz ditzakegu (eskuinaldean dauden borobil txikiagoak). Irudikatutako lehenengo eta hirugarren fundatzaile populazioetan, indibiduo guztiak karratu gorriak edo borobil urdinak dira hurrenez hurren. Beraz, bi kasuetan populazio berri hauen sorrera emateko gertatu den efektu fundatzailearen ondorioz alelo baten galera eman da, borobil urdinarena lehenengo populazio fundatzailearen kasuan eta karratu gorriarena hirugarren populazio fundatzailearen kasuan. Bigarren fundatzaile populazioan, aldiz, borobil urdin zein karratu gorrien proportzioa nahiko antzekoa mantendu dela ikus dezakegu, beraz populazio berri honek jatorrizko populazioaren aldakortasun genetiko antzekoa erakutsiko duela suposa dezakegu. Gerta liteke ere fundatzaile populazioa osatzen duten indibiduoek bi aleloak mantendu izana baina alelo hauen maiztasuna aldatu izana, hau da, gerta liteke populazio berri hauetan karratu gorri edo borobil urdinen proportzioa nabarmen handiagoa izatea besteekin alderatuz.