Hondakinen kudeaketa
From Wikipedia, the free encyclopedia
Hondakinen kudeaketa, zaborraren garraioa eta bilketa burutu ondoren, hauen tratamendua era egokian egitea helburu duten jarduera eta prozesu guztien multzoa da. Ingurumena zaindu eta giza jardueren jasangarritasuna bermatzea zein herritarren bizi kalitatea egokia izatea dira jarraian aipatuko diren jarduera multzo honen helburuak. Termino honek prozesu guztiaren atal oro hartzen ditu bere baitan, hondakinak biltzen den momentutik honen berreskurapen, balorizazio edo eliminazioraino.
Edozein giza jardueren ondorioz sorturiko hondakinak hartzen dituzte bere baitan prozesu hauek: lehengaien erauzketan zehar, lehengaien eraldaketan, tarteko eta amaierako produktuetatik, azken produktuen kontsumoa edo beste giza jarduera batzuetan, udal jardueretan (etxebizitza, instituzionalak, merkataritza), nekazal jardueretan edo jarduera sozialetan (osasuna zaintzea, etxeko hondakin arriskutsuak, lokatzak) sortzen diren elementuak dira tratatu beharrekoak.
Hondakin mota bakoitzari aplikatu beharreko prozesua desberdina izango da, honen ezaugarri fisiko zein kimiko edo bereiztasun mailaren arabera. Hala ere guztien helburua bera da, materialak berrerabiltzea posible den heinean edo bestela hauek baliatuz energia lortzea. Aplikaturiko prozesu desberdinen bidez, ezaugarri fisiko, kimiko edo biologikoak aldatuko dira hondakinetan, beti ere honako helburu hauek lortzeko: sustantzia toxikoak kentzea, lehengaiak berreskuratzea, energia iturritzat erabiltzeko prestatzea edo zabortegietan era egokian uzteko prestatzea.[1]