Sorgin-ehiza
historian zehar sorginen aurka izandako jazarpena da, maiz jendearengan haienganako ikara eta gorrotoa zabalduz. / From Wikipedia, the free encyclopedia
Sorgin-ehiza historian zehar sorginen aurka izandako jazarpena da, maiz jendearengan haienganako ikara eta gorrotoa zabalduz. Europan eta Ipar Amerikan gertatu ziren XV.-XVIII. mende bitartean eta horien ondorioz hamar milaka pertsona erailak izan ziren, maiz erreta. Gutxi gora behera, XV. mendetik XVII.era 100.000 bat pertsona hil zituzten munduan "sorginkeria" egotzita, horietako gehienak, hau da, % 80 emakumeak ziren.[1]
- Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Sorgin-ehiza (argipena)»
Euskal Herrian, sorgin-ehiza ezagunenak bi dira: Zugarramurdikoa eta Lapurdikoa. Zugarramurdi eta inguruko herrietako ustezko sorginen eta sorginkeria leporatutako pertsonen aurkakoan (ikus Zugarramurdiko sorginkeria prozesua) XVII. mende hasieran gertatu zen; jazarpen horretan 300 pertsona inplikatu ziren eta azkenean, Logroñon izandako epaiketan 12 pertsona hiltzera kondenatu zituzten. Lehenago gertatu zen Lapurdiko sorgin-ehiza, Pierre de Lancrek zuzendutakoa. Biak aldi eta eskualde berean gertatu ziren eta lotuta daude[2].
Sorgin-ehiza terminoa modu metaforikoan ere erabiltzen da, kolektibo bateko kideen aurkako jazarpena izendatzeko, bereziki horretarako jendearengan horien aurkako mesfidantza, beldurra eta gorrotoa zabaltzen denean. Azken honen adibide argi moduan McCarthyismoa dago.