Txikipedia:Baliabide natural
From Wikipedia, the free encyclopedia
Baliabide naturala edo natur baliabidea gizakiak naturan aurkitzen duen edozein elementu edo gai da, bere beharrak asetzeko eta era guztietako jardueretan erabiltzeko eskuratzen duena. Haietako batzuk ezinbestekoak izaten dira gizakiaren biziraupenerako, ura, airea edo elikagai naturalak, adibidez; beste batzuk, aldiz, gizakiak bere jarduera ekonomikoetan erabiltzen dituen lehengaiak dira, mineralak, zura edo lurra, adibidez. Azkenik, badira beste batzuk, ondasun materialak baino gehiago, era guztietako zerbitzuetarako balio dutenak, eskiatzeko elurra, adibidez.
Naturan aurkitzen diren elementu edo gai hauek egoera solidoan (mineralak, zura), likidoan (ura), nahiz gaseosoan (gasa) aurki daitezke naturan. Gizarteentzat baliotsuak izaten dira beren ongizatea eta garapena lortzeko. Giza jarduera batzuek baliabide natural asko erabiltzen dituzte; horregatik, arauak behar izaten dira gehiegizko erabilera edo ustiapena ez gertatzeko eta, horren ondorioz, baliabide horiek behin betiko ez agortzeko.
Izan ere, baliabide naturalen artean, badira baliabide berriztagarriak, ondo zainduz gero agortzen ez direnak alegia; eta berriztaezinak, nahitaez noizbait agortuko direnak.