Txikipedia:Hauteskunde
From Wikipedia, the free encyclopedia
Hauteskundeak halako kargu edo erantzukizun jakin bat izango duten pertsonak aukeratzeko egiten diren bozketak dira; herritarren ordezkari politikoak aukeratzeko egiten diren bozketak, batez ere.
Ordezkari horiek erakunde-maila desberdinetan egiten dute lan (Udal, Foru aldundi edo diputazioak edota Parlamentu edo legebiltzarra); horietan, herri, probintzia, eskualde edo herrialde bat zuzentzeko arau eta legeak adosten dituzte. Zenbait herrialdetan, estatuburua ere hauteskunde bidez aukeratzen da.
Bozketa oso garrantzitsua da demokrazia izeneko gobernu motan. Demokrazia batean, adinez nagusi diren pertsona guztiek dute eskubidea ordezkari politikoak aukeratzeko eta haien burua kargu horietarako aurkezteko eskubidea. Honi boto-eskubide deitzen zaio.
Hauteskundeetan, pertsona bakoitzaren botoa sekretua da, norberak gogoko duen pertsona edo alderdia askatasunez bozkatu ahal izateko. Horregatik, boto-txartela gutun-azal baten barruan sartzen da.
Hauteskundeen eguna baino lehen, ordezkari politikoak izan nahi duten pertsonek hautagai gisa aurkezten dute beren burua, hau da, herritarrek aukera ditzakenten pertsonen zerrendan sartzen dira. Dena dela, hautagai horiek alderdi edo talde politiko baten zerrendan aurkeztu behar dute, hau da, herritarren zati baten interesak defendatzeko antolatutako talde baten barruan; ezin dira bakarka aurkeztu.
Hautagaiak ezagutzera emateko “hauteskunde-kanpainak” antolatzen dira; kanpaina horietan, hautagaiek zein alderdi politiko desberdinek haien ideiak adierazten dituzte, baita erakunde jakin bat gobernatzeko edo zuzentzeko abian jarriko dituzten planak ere. Hauteskunde-kanpainen bidez, hautagaiak boto-emaileak konbentzitzen saiatzen dira haiek direla pertsona egokienak direla bete behar diren karguetarako. Hautagaiek diskurtsoak eta mitin izeneko bilera jendetsuak egiten dituzte. Gainera, batzuetan elkarren arteko debate edo eztabaidetan parte hartzen dute irratian zein telebistan.