Txikipedia:Udal
From Wikipedia, the free encyclopedia
Udala (Iparraldeko euskaraz, Herriko Etxea) halako hiri edo Udalerri bat gobernatzen duen erakundea da, hiriak behar bezala funtzionatzeko behar dituen zerbitzu publikoak antolatzen dituena.
Erakunde horren barruan «udalbatza» izeneko organo edo atal bat dago. Udalbatzaren ardura udalaren lana zuzentzea eta kontrolatzea da. Herritarrek udal hauteskundeetan aukeratzen dituzte udalbatza osatzen duten pertsonak. Honako hauek dira:
Alkatea: udala edo udal gobernua zuzentzen duen pertsona eta hiriko agintari gorena da.
Zinegotziak: herritarrek hauteskundeetan aukeratutako pertsonak hauek alkatearekin batera osatzen dute udalbatzarra, udalerriko gaiak eztabaidatu eta erabakitzeko. Horietako batzuk, gainera, udal gobernua osatzen dutenak hain zuzen ere, udalak eskaintzen dituen zerbitzu publikoez arduratzen dira.
Alkatea eta zinegotziak maiz biltzen dira «osoko bilkura» izena duten bileretan. Bilera horietan, hiriarekin zerikusia duten gaiei buruz eztabaidatu eta erabakiak hartzen dituzte. Gainera, hiria eta udal zerbitzuak behar bezala funtzionatzeko arauak ezartzen dituzte. Udalbatzak erabaki beharreko beste gai oso garrantzitsu bat aurrekontua da; hau da, udalak bere lana egin eta udalerriak funtzionatzeko behar duen dirua. Horretarako, udal zergen inguruko erabakiak hartzen dituzte. Udal zergak hiri bateko biztanleek udal horren funtzionamendua laguntzeko eta udal zerbitzuak edukitzeko ordaintzen duten dirua dira.
Gainera, udalak langileak izan ohi ditu; hau da, udaletxean lan egiteko eta udal zerbitzuak eskaintzeko kontratatzen diren pertsonak.
Udal zerbitzuak udalak herritarren beharrak asetzeko antolatzen dituen zerbitzu publikoak dira; aipagarrienak hauek dira:
- Garraio publikoa: autobusa, tranbia edo metroa.
- Ura eta argia: zehazki gure etxeetara iristen den ura eta kaletako argia.
- Segurtasuna eta trafikoa: udaltzaingoa eta suhiltzaileak.
- Garbiketa: zabor bilketa, kale garbiketa, lorezaintza.
- Kaleen, plazen, lorategien eta abarren konponketa.
- Kultura: erakusketa aretoak eta museoak, antzokiak, liburutegiak, kongresu-jauregiak eta abar.
- Kirolak: futbol edo saskibaloi zelaiak, kiroldegiak, pilotalekuak, igerilekuak eta abar.
- Gizarte-zentroak: ludotekak, adinekoentzako zentroak, gizarte laguntza eta abar.