Txikipedia:Inperio Karolingioa
From Wikipedia, the free encyclopedia
Inperio Karolingioa Goi Erdi Aroko estatu bat izan zen, Karlomagno frankoen erregeak fundatua, eta 768-814 urteen bitartean gobernatu zuena. Inperio Karolingioa Mendebaldeko Europan zegoen kokatuta, baina haren erdigunea gaur egungo Frantzian zegoen.
Inperio honen oinarriak Karlomagnoren aitak jarri zituen, Pepin Laburrak, 751n merovingiar leinuko azken erregea garaitu ondoren. Monarka berria Eztebe II.a aita santuak koroatu zuen, eta tronua semeei oinordetzan uzteko eskubidea ere eman zion. Horrela, Pepin hil ondoren, 768an, aita santuak Pepinen seme Karlosi eman zion laguntza, geroago Karlomagno izenaz ezagutuko zenari; izen horrek Karlos Handia esan nahi du.
Karlomagno Erromatar Inperioaren batasuna berrezarri nahi zuen, baita kristautasuna Europan finkatu ere. Hori lortzeko, saxoiak menderatu zituen (772-804), Alemaniako iparraldean bizi zirenak, kristau bihurtu ziren arte. Abaro herria ere suntsitu zuen, Alemaniako Bavaria lurraldea atakatzen saiatu ziren mongoliar jatorriko herri nomada. Hegoaldean, aldiz, Karlomagnok lonbardiarren erresuma hartu zuen Italian (774 K.a.), Elizako lurraldeak erasotzen baitzituzten, eta Pirinioak zeharkatu eta Espainia musulmanera sartu zen (778), baina ez zuen arrakasta handirik izan. Herrialde horretan iparraldeko lurralde txiki bat okupatu zuen, eta bertan mugaldeko probintzia bat sortu zuen: Hispaniako Marka. Konkista horiekin, Karlomagnok inperio zabal bat eraiki zuen, Mendebaldeko Europa ia osoa okupatzen zuena, Iberiar penintsularen zati bat eta britainiar uharteak izan ezik. Orduan, Leon III.a aita santuak Mendebaldeko enperadore izendatu zuen 800. urteko gabonetan. Horrela jaio zen Inperio Karolingioa, eta Karlomagnok, frankoen erregeak, monarka kristau guztiak bere eskumendean jarri zituen. Elizaren beso armatua bihurtu zen, gainera.
Inperio Karolingioak 845. urtera arte iraun zuen. Haren banaketatik Lotaringia, Frantzia eta Germaniako erresumak sortu ziren; azken biak oraingo Frantzia eta Alemaniaren jatorriak dira.