Txikipedia:Lehen Mundu Gerra
From Wikipedia, the free encyclopedia
Lehen Mundu Gerra XX. mendearen hasieran (1914 eta 1918 bitartean) gertatu zen gerra handi bat izan zen; batez ere Europan gertatu zen, baina munduan garai hartan zeuden potentzia handi ia guztiek eta beste herrialde txiki askok ere parte hartu zuten.
Hasieran, “Europako Gerra” deitu zitzaion, baina Commonwealth elkarteko herrialdeak eta Ameriketako Estatu Batuak ere sartu zirenez, laster “Gerra Handia” eta “Mundu Gerra” deitu zioten, asko izan zirelako parte hartu zuten herrialdeak. Bigarren Mundu Gerrara arte, inoiz ez zen egon hainbeste herrialdek parte hartutako gerrarik.
XX. mendearen hasieran, Europako estatu edo herrialdeen arteko arazoak gero eta handiagoak ziren. Estatu horietako batzuk aliantzak edo akordioak egin zituzten elkarri laguntzeko, norbaitek erasotzen bazien ere. Borrokan parte hartutako bi aldeak honela osatu ziren:
- Aliatuak: Frantzia, Britainiar Inperioa eta Errusiar Inperioa hasieran; eta, geroago, Ameriketako Estatu Batuak, Italia, Serbia, Japonia, Errumania, Grezia, Belgika, Portugal eta Montenegro.
- Erdialdeko Inperioak: Alemania, Austria-Hungariako Inperioa, Turkiar Inperioa eta Bulgaria.