Urkiolako natura parkea
From Wikipedia, the free encyclopedia
Urkiola Bizkaiko hegoaldeko eta Arabako iparraldeko natura parke bat da, Durangaldean eta Gorbeialdean kokatua. 1989ko abenduaren 29an izendatu zuten natura parke;[1] eta 2016. urtetik babes bereziko eremua da, Europar Batasunean aurrera eramaten ari den Natura 2000 sarearen barnean.
Urkiolako natura parkea | |
---|---|
Kokalekua | Abadiño, Espainia |
Koordenatuak | 43°07′N 2°40′W |
Azalera | 5.768 ha eta 5.958,41839 ha |
Izendapena | natura-parke, naturagune babestua eta parke natural |
IUCNren babesa | II. maila: parke nazional eta V. maila: urtar/lurtar paisaia babestua |
Sorrera | 89-12-29 |
Administratzailea | Bizkaiko Foru Aldundia |
Webgunea | http://www.urkiola.net/ |
5.958,3 hektarea ditu, eta bere barnean hartzen ditu Bizkaiko Abadiño, Amorebieta-Etxano, Atxondo, Dima, Durango, Mañaria eta Izurtza udalerriko zenbait lur, eta Arabako Aramaio udalerriko batzuk ere.
Parkean dauden harriek —material sedimentarioek— 140-110 miloi urte dituzte. Paisaia karstikoa osatzen dute.
Lehen giza aztarnak Erdi Paleolitikokoak dira, K. a. 90.000 - 32.000 urte bitartekoak.
Urkiolak Durangaldeko gailurretan ditu mugak, Anboto eta Aramotz mendikateen gailurretan, hain zuzen. Mendigune horien gaineko harkaitzak ekialdetik mendebalderantz daude lerrokaturik, Kantauri-Mediterraneo isurialdeen ur-banaketa osatuz. Ingurune hori balio handikoa da, natura, kultura eta ikuspegien aldetik, eta Euskal Herriko ekosistemarik bereizgarrienetarikotzat har daiteke. Urkiola artzainlekua eta basogunea izan da betidanik; etxeak dituen toki aipagarri bakarra da San Antonio Santutegia eta aldameneko ostatu eta jatetxeak.