Garapen Jasangarrirako 13. helburua: klimaren aldeko ekintza
From Wikipedia, the free encyclopedia
Garapen Jasangarriko 13. Helburua, Garapen Jasangarrirako 13. Helburua edo GJH 13 klimaren aldeko ekintza da, eta Nazio Batuek 2015ean ezarritako Garapen Jasangarriaren 17 Helburuetako bat da. Helburuaren izen ofiziala hurrengoa da: "Klima-aldaketari eta haren ondorioei aurre egiteko premiazko neurriak hartzea". 2030erako lortu beharreko jomugak ditu eta adierazleek neurtzen dute jomugetarako aurrerapena.[1]
Guztira bost jomuga daude:[1]
- Klimarekin zerikusia duten hondamendietarako erresilientzia eta egokitzeko gaitasuna indartzea.
- Klima-aldaketaren neurriak politiketan eta plangintzan txertatzea.
- Klima-aldaketa lortzeko ezagutza eta gaitasuna eraikitzea.
- Klima-aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioa ezartzea
- Klima-aldaketaren inguruko gaietan, planifikatzeko eta kudeatzeko gaitasuna handitzeko mekanismoak sustatzea.
Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioa (NBKAEH) da klima-aldaketari buruzko erantzun globala negoziatzeko gobernuen arteko nazioarteko foro nagusia[2]. Klima-aldaketari aurre egiteko, erakunde honen eskutik, herrialdeek Parisko Hitzarmena hartu zuten munduko batez besteko tenperaturaren igoera 2 °C-tik behera mugatzeko.[3]
Kontzeptuari dagokionez, klima-aldaketak planetan modu naturalean gertatzen diren klima-aldaketa erregularrei zein giza-jarduerak eragindakoei egiten die erreferentzia. Hainbat ikuspegitatik azter daiteke gaiaren sakontasuna. Kasu honetan, azterketa 3 ataletan banatuko da: azterketa historikoa, hau da, jatorritik gaur egunera arte izan dituen eraginen azalpena; azterketa ekonomikoa, eragin hauen froga numerikoak; eta azkenik, irudien azterketa, klima-aldaketaren eragina artean nola errepresentatu den historian zehar.