Lady Gaga
From Wikipedia, the free encyclopedia
Stefani Joanne Angelina Germanotta[1] (/ˈstɛfəni ˌdʒɜːrməˈnɒtə/) (New York, 1986ko martxoaren 28a) —Lady Gaga izen artistikoaz ezagunagoa—[2] musikagile, abeslari, aktore eta enpresaburu estatubatuarra da, LGTB komunitateko kideen eskubideen aldeko ekintzailea.[3][4] Bere karrera musikalean zehar berritzeagatik[5] eta entretenimendu-industriaren barruan duen moldaerraztasunaren ondorioz da ezaguna, hein handi batean.[6] Gazte zenean, nerabezaro aldera, hasi zen kantatzen, open-mic gauetan; bai eta eskolako antzerkietan antzezten ere.[7] Collaborative Arts Project 21ean (CAP21) ikasi zuen,[8] New Yorkeko Unibertsitateko (NYU) Tisch Arte-Eskolan sarturik zegoenean,[9] musika-karrera bat hasteko helburuarekin utzi zuen arte.[8][10] Def Jam Recordings-ek berarekin zuen kontratua bertan behera utzi ostean,[11] Sony/ATV Music Publishing izeneko musika-enpresarekin lan egiten hasi zen, egile-abeslari eta konpositore modura.[12] Bertan, Akon abeslariak Interscope Records-ekin akordio batera iristea ahalbidetu zion Gagari,[13][14] bai eta Akon beraren KonLive Distribution-ekin ere, 2007. urtean.[15]
Lady Gaga | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Stefani Joanne Angelina Germanotta |
Jaiotza | Lenox Hill Opsitalea, 1986ko martxoaren 28a (38 urte) |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Bizilekua | Upper West Side Rivington Street Los Angeles Yonkers Manhattan Malibu |
Talde etnikoa | Italo-estatubatuarra Franko-kanadarra |
Lehen hizkuntza | ingelesa |
Familia | |
Aita | Joe Germanotta |
Ama | Cynthia Germanotta |
Bikotekidea(k) | ikusi
|
Anai-arrebak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Jesusen Bihotza Eskola Lee Strasberg Antzerki- eta Film-Eskola Johns Hopkins Center for Talented Youth (en) New Yorkeko Unibertsitateko Tisch Arte-Eskola : musika Collaborative Arts Project 21 Circle in the Square Theatre School (en) |
Hizkuntzak | ingelesa frantsesa alemana |
Jarduerak | |
Jarduerak | abeslaria, kantugilea, dantzaria, enpresaburua, musikaria, zinema aktorea, egile abeslaria, telebista-aktorea eta ahots-aktorea |
Lateralitatea | ezkerra |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Influentziak | David Bowie, Queen, Madonna, Michael Jackson, Bruce Springsteen, Glam rock, Whitney Houston, Prince, Rainer Maria Rilke, Kiss, Cyndi Lauper, The Beatles eta Army of Lovers |
Izengoitia(k) | Lady Gaga |
Genero artistikoa | electropopa dance popa synthpopa dancea art popa pop musika |
Ahots mota | mezzosopranoa |
Musika instrumentua | pianoa ahotsa keytarra gitarra akustikoa gitarra elektrikoa sintetizadorea gitarra bateria |
Diskoetxea | Interscope Records Universal Music Group Cherrytree Records Def Jam Recordings KonLive Distribution |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | kristautasuna |
Alderdi politikoa | Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Demokrata |
ladygaga.com | |
| |
Hurrengo urtean,The Fame izeneko debut-albumarekin maila gorenera ailegatu zen,[16] AEBetako musika-zerrenden gailurrera iritsi ziren "Just Dance"[17] eta "Poker Face" barneratzen dituena, besteak beste,[18][19][20] kritika nahiko positiboak ekarri zizkiona.[21] Gaga bere lehen albumaren makulu zen The Fame Ball Tourean zegoela,[22][23] The Fame albuma birkaleratua izan zen, The Fame Monster EPa (2009) bertan barneratzeko,[24] "Bad Romance", "Telephone" eta "Alejandro" singleduna.[25][26] EP honen bidez lortutako famak The Monster Ball Tourari hasiera ematea ahalbidetu zion, diru gehien lortu duten historiako mundu-giren artean kokatzen dena.[27][28]
Bere hirugarren albumaren bidez, Born This Way (2011),[29] rock elektronikoa eta techno-popa bezalako musika-generoak esploratu zituen,[30][31] lehen astean AEBetan milioi bat album-kopia baino gehiago saldu zituen lanaren funtsa izan zirenak.[32][33] Albumaren izena hartzen duen "Born This Way" singlea garaiko iTunes Dendako saltzen azkarrena zen abestia bihurtu zen,[34] lehen bost egunetan milioi bat abesti-kopia baino gehiago deskargatu baitziren.[34][35][36][37] Bestalde, aipagarri dira ere "Judas", "The Edge of Glory", "Yoü and I" eta "Marry The Night" singleak.[38] Albumaren salmentak The Born This Way Ball Tourarekin emendatu zituen, modu abruptoan amaitu zena artistak aldaka apurtzean.[39][40][41]
Aldaka-operazio ostean,[39][42] EDMaren influentzia nabaria duen ARTPOPren ostean (2013),[43] zeinetan aipagarri diren "Applause" eta "Do What U Want" abesti eta laneko lehen eta bigarren singleak, hurrenez hurren,[44][45] Gagak dance-poptik aldendu,[46] eta, Tony Bennett-ekin batera, jazz-album bat kaleratu zuen: Cheek to Cheek (2014),[47] Lady Gagaren hirugarren bat-zenbakidun albuma izan zena, The Fame eta Born This Wayrekin batera.[48] Aldentze horretan ere, countryaren[49] eta rock arinaren influentziak[50] dituen Joanne (2016), bere bosgarren albuma, kaleratu zuen ere,[51] non "Million Reasons" singlea aipatzekoa den.[52] Albuma bere laugarren bat-zenbakia izan zen,[53] eta modu hirukoitzean izan zen promozionatua: Gaga: Five Foot Two (Netflix; 2017) dokumentalarekin,[54] SuperBowl-eko LI. edizioko erdi-atsedenaldiko aktuazioarekin[55] eta Joanne World Tour tourarekin;[56] fibromialgia-kolpe batek toura bertan beher uztera eraman zuen arte.[57][58]
Garai horretan ere, American Horror Story: Hotel minisailean parte hartu zuen (2015–2016),[59] Emakumezko Aktore Onenaren Urrezko Globo Saria irabaztea eragin ziona, Minisail edo telefim kategoriaren barruan.[60] 2018. urtean, bestalde, A Star Is Born filmaren protagonista izan zen,[61] kritikoen oniritziarekin.[62] Azken honen soinu-bandan ere parte hartu zuen, zeinetatik aipagarri den "Shallow" abestia,[63] AEBetako abesti-zerrendaburu bilakatu zena.[64] Film horrek aktoresa berriari eta urte bakarrean, Oscar bat, Grammy bat, BAFTA-sari bat eta Urrezko Globo Sari bat irabaztea eragin zion.[65] Disko horretatik aipagarri dira ere "Always Remember Us This Way" eta "I'll Never Love Again" abestiak.[66][67] Handik gutxira, Enigma izeneko erresidentzia hasi zuen Las Vegasen (Nevada, AEB).[68][69]
2020an, amaitzeko, bere pop-jatorrietara itzuli zen bere seigarren albumarekin, Chromatica,[70][71] non, besteak beste, Ariana Grande-rekin batera egindako "Rain on Me" kolaborazioa aipagarri den,[72] Gagaren bosgarren bat-zenbakia suposatzen duena.[73]
181 milioi diska saldu ostean, 2017rako,[74] Gaga mundu mailako diska gehien saldu dituzten abeslarien artean kokatzen da, bai eta 2010eko hamarkadako diru gehien irabazi duen laugarren emakume abeslaria da ere. Bere lorpenean artean, hainbat Guinness errekor, 11 Grammy-sari eta Songwriters Hall of Fameren (SHOF) zein CFDAren sari bana aipa daitezke.[75] Billboarden Urteko Artista eta Urteko Emakume modura izan da saritua ere, bai eta VH1eko Musikako Emakume Garrantzitsuenaren bigarren postua, 2012an. 2011ean, Time aldizkariko "azken hamar urteetako influentzia handiena izan duten pertsonen" sailkapenean bigarren postuan agertu zen, bai eta Forbes aldizkarian ere.[76][77]
Bere filantropiarengatik eta aktibismoarengatik da ezaguna ere, LGTB komunitatearen defentsatik buru-gaitzen despatologizazioraino.[78][79][80] Testuinguru horretan, Born This Way Foundation izeneko GKEa sortu zuen, 2011. urtean, bullyingaren aurkako LGTB gazteen ahalduntze-lanak egiten dituena,[81][82] bai eta buru-osasunaren hobekuntzarako lanak ere.[83][84][85] Era berean, enpresaburu modura Haus Laboratorieseko buru da, makillaje-kolekzio osoaren erantzule dena,[86] bai eta Fame zein Eau de Gaga lurrinena ere.[87][88]