Txerto
From Wikipedia, the free encyclopedia
Txertoa prestakin biologikoa da, gaixotasun baten aurrean immunitate hartua aktibatzen duena. Normalean, eritasun jakin bat eragiten duen mikroorganismoaren antzeko agenteez osatuta egoten da, antigeno ere deituak.[1] Antigenoak hiru motatakoak dira: indargabetuta edo hilda dauden mikrobioak, horiek ekoitzitako toxinak edo azalean dituzten proteinak. Antigenoak immunitate-sistema aktibatzen du infektatutako organismoan, gorputz arrotz baten moduan identifikatu, eta horren aurkako antigorputz espezifikoak ekoizten ditu. Horrela, etorkizunean infekzio berdina pairatuz gero, gorputza gai izango da mikrobio arrotza azkar ezagutzeko eta suntsitzeko [2]. Txertoak profilaktikoak edo terapeutikoak izan daitezke. Profilaktikoak gaitza gertatu baino lehen prebentziorako erabiltzen diren txertoak dira; terapeutikoak, ordea, ez dira prebentziorako erabiltzen, infekzio edo minbizi-zelulen aurkako tratamendu gisa baizik.[3][4][5][6]
Txerto | |
---|---|
Aurkitzailea | Edward Jenner |
Eponimoa | behi |
Mota | Sendagai biologiko eta farmako |
Eragin dezake | hartutako sistema immune eta neutralizing antibody (en) |
Identifikatzaileak | |
MeSH | D014612 |
Txertoak jartzeari txertaketa edo txertatze deritzo. Gaur egun, txertaketa da gaixotasun infekziosoak saihesteko metodorik eraginkorrena[7]. Are gehiago, txertaketa masiboei zor diegu mundu zabalean baztanga bezalako hainbat gaitz infekzioso desagertu izana, baita beste hainbaten maiztasuna murriztu izana ere, hala nola, amorru, poliomielitis edo tetanos gaixotasunenak. Azken hamarkadetatik hona txertoen eraginkortasuna zabal eta sakon ikertu eta egiaztatu da. Sakonki aztertu diren txertoen artean daude influenzaren txertoa,[8] Giza papilomaren birusaren aurkako txertoa[9] eta barizelaren txertoa.[10] Munduko Osasun Erakundearen esanetan, jada hogeita bost infekzio desberdinetarako txertoak daude baimenduta eta eskuragarri.[11]