Txertoekiko aurkakotasuna
From Wikipedia, the free encyclopedia
Txertoekiko aurkakotasuna, batzuetan antitxertaketa deitua, txertoa hartzeko edo seme-alabei gaixotasun kutsakorren aurkako txertoa jartzeko errezeloa edo arbuioa da. Termino horren barruan sartzen dira txertaketaren erabateko arbuioa, txertoen atzerapenaren aldekoak, txertoen onarpena baina erabileraren inguruko zalantza erakusten dutenak, edo txerto batzuen erabilera, baina ez beste batzuena defendatzen dutenak[1][2]. Txertaketaren aurkako argudioak kontraesanean daude txertoen segurtasunari eta eraginkortasunari buruzko adostasun zientifiko izugarriarekin[3][4][5][6]. Munduko Osasun Erakundearen ustez, txertoen aurreko oposizioa da munduko osasunerako hamar mehatxu nagusietako bat[7][8].
Txertoen aurkako jarreraren atzean dagoen eztabaida txertoaren moraltasunari, etikari, eraginkortasunari edo segurtasunari buruzko eztabaida da. Ebidentzia mediko eta zientifikoak erakusten du gaixotasun infekziosoen ondoriozko heriotzaren prebentzioaren onurek immunizazioaren ondorio kaltegarri arraroak konpentsatzen dituztela.[9][10] Txertaketa XVIII. mendearen amaieran egiten hasi zirenetik, haren aurkariek esan izan dute txertoek ez dutela funtzionatzen. Arriskutsuak direla edo izan daitezkeela, horien ordez higiene pertsonala nabarmendu beharko litzatekeela, edo nahitaezko txertaketek norbanakoen eskubideak edo printzipio erlijiosoak urratzen dituztela.[11] Harrezkeroztik, txertaketen aurkako kanpainek beharrezkoak ez ziren kalteak eta masa-heriotzak eragin dituzte.[12][13][14][15][16]
Txertoek albo-ondorioak izan ditzakete, eta immunizazio-programen arrakasta herritarren segurtasunarekiko konfiantzaren araberakoa da. Immunizazioaren segurtasunarekiko mesfidantzek eredu bera jarraitzen dute maiz: ikertzaile jakin batzuek iradokitzen dute osasunaren alterazioren bat txertoaren ondorio kaltegarria dela, hau da, kontrako ondorio horri buruzko iragarpen goiztiarra egiten da. Hasierako azterketa ez dute beste talde batzuek erreproduzitzen eta horren ondoren, zenbait urte behar izaten dira txertoarekiko konfiantza publikoa berreskuratzeko.[9]