Txikipedia:Garapen bidean dagoen herrialde
From Wikipedia, the free encyclopedia
Herrialde azpigaratuak garapen ekonomiko txikia duten herrialdeak dira, eta orokorrean, herrialde pobreak dira. Munduko herrialderik pobreenak Asiako hegoalde eta ekialdean (Afganistan eta Pakistan), Erdialdeko Amerikan (Haiti), eta batez ere, Saharaz hegoaldeko Afrikan daude.
Herrialde azpigaratuek hurrengo ezaugarrietako asko izan ohi dituzte:
- Pobrezia edo biztanleko errenta baxua: herritarrek ez dute lanaren bidez bizirik irauteko adina diru irabazten (per capita errenta urteko 2000 dolar baino askoz txikiagoa da).
- Garapen industriala txikia edo hasiberria da, eta askotan herrialde aberatsen menpe dago. Azkenaldian, herrialde garatuek herrialde azpigaratuetara eramaten dituzte beren zenbait industria etekin handiagoa lortzeko eskulan merkeari esker, baita haurren lanari esker ere. Industria horien irabaziak herrialde garatuetara doaz; horregatik, ekoizpen industrialak eta soldata baxuek ez dute barne kontsumoa ezta herrialdeen garapena ere sustatzen.
- Herrialde hauetako Baliabide naturalak eta lehengaiak batez ere esportatu egiten dira, hau da, beste herrialde batzuetara eramaten dira.
- Produktu industrialak ez dituztenez ekoizten, inportatu behar dituzte, hots, beste herrialdeei erosi behar dizkiete.
- Lehen sektorea da nagusi; bereziki bizirik irauteko nekazaritza. Monolaborantza asko daude, hau da, landare espezie bakarra landatzen da, eta horrek kalteak eragiten ditu naturan; izan ere, biodibertsitatea gutxitzen baitu eta lurrak agortzen baititu.
- Kanpo zorra: herrialde hauek maileguak eskatu behar dizkiete herrialde aberatsei edo nazioarteko erakunde finantzarioei, eta interes altuak ordaindu behar dituzte; horregatik, ez dute beren garapenean inbertitzeko nahikoa baliabiderik.
- Bizi maila baxua: zerbitzuak kalitate txarrekoak dira eta ez daude herritar askoren eskura; gainera, analfabetismo indizea altua da, eta osasun zerbitzu eta ospitale gutxi daude gaixoak tratatzeko. Ondorioz, haurren heriotza-tasa altua da eta bizi itxaropena, aldiz, baxua.
- Hazkunde demografikoa oso altua da.
- Ezegonkortasun politikoa, ustelkeria eta desberdintasun sozialak ohikoak dira herrialde hauetan.
- Giza eskubideak ez dira errespetatzen herrialde huetako askotan.